Ekonomia -
Greba
Gipuzkako polizia etxeetako garbitzaileek inplikazioa eskatu diote Jaurlaritzari
Exekutiboari esku hartzeko eskatu diote langileek, Garbialdi enpresa emakidadunari "ordaintzen diona" delako. Zazpi hilabete eman dituzte greban.
Agentziak | Erredakzioa
Gipuzkoako polizia etxeetako eta epaitegietako garbitzaileek Eusko Jaurlaritza egin dute gatazkaren errudun, eta esku hartzeko eskatu diote, Garbialdi enpresa emakidadunari "ordaintzen diona" delako.
232 egun eman dituzte greban. ELA, LAB, UGT eta ESK sindikatuek deitu zuten irailaren 19an. Gaur, Donostiako epaitegien aurrean elkarretaratzea egin dute langileek.
Sofia Rodriguez bozeramaileak protestek aurrera jarraituko dutela ohartarazi du, Exekutiboak "esku hartu" eta egoera "konpondu" arte.
Bozeramailearen arabera, negoziaketak "ez daude guztiz apurtuta", baina astiro doaz. Azaldu duenez, Garbialdik soldatak % 7,5 igotzea proposatu du. Langileek, hasiera batean, % 13 eskatu zuten, eta gero % 10era jaitsi zuten.
Gainera, soldata arrakala murrizteko hiru urteko epea proposatu dute. Bideetako garbiketaren sektore "maskulinizatuan" soldata altuagoak daudela diote. Polizia-etxeetako garbitzaileen arteko aldea % 13 da, eta epaitegiekin alderatuta, % 7.
Epaileen eta fiskalen elkarteek eta sindikatu nagusiek esandakoa eskertu du Rodriguezek. Adierazpen bateratua sinatu zuten, Eusko Jaurlaritzari zerbait egiteko eskatuz higiene baldintza "duinak" berma ditzan. Esan duenez, "grebarako eskubidea" ulertu dute.
Ertzaintzaren sindikatu SIPEren kritiken aurrean esan du "ulertzen" duela "haserre egotea", baina "bidezko helburu baten alde borrokatzen duten" emakumeak ulertu behar dituztela uste du. Polizien sindikatuak polizia etxeak "zati batean edo osorik" ixtea proposatu zion Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzari, "beharrezkoa balitz".
Greban zazpi hilabete mantentzeko formula "gehiegi ez pentsatzen saiatzea" eta, "batez ere, helburua burmuinean izatea da, ez galtzea".
ESK sindikatuak, bestalde , "ez du onartuko emakume hauen borroka zalantzan jartzea". Gainera, "grebaren ondorioak zuzenean jasaten dituztenak bere lanaren onarpenaren alde borroka egiten dutenak direla" nabarmendu dute.
Sindikatuak onartu duenez, polizia etxeak "zikinik" daude, baina "zikinagoa" da enpresaren jarrera, "langileen eskubideak onartzeari uko egiten diolako, eta Eusko Jaurlaritzarena, "beste albo batera begiratzen duelako sektorearen soldata arrakalarekin bukatzeko aukera duenean".