Ekonomia -
Metalaren sektorea
Bizkaiko metalak 1.400 lanpostu baino gehiago sortuko ditu epe laburrean
Enpleguaren aurreikuspenak bete dituzte, mila lanpostu sortzea espero baitzuten eta jada bete dituztelako; hala ere, baliteke, iaz bezala, "gorabeherak" izatea.
Agentziak | erredakzioa
Bizkaiko metalaren enpresen jarduera hobetu egin da lehen hiruhilekoan, eta aurreikusitakoa baino lanpostu gehiago sortzea espero dute: 1.447 lanpostu epe laburrean, Metalaren Bizkaiko Enpresen Federazioaren datuen arabera.
Jose Luis Lopez Gil Federazioko presidenteak asteazken honetan Bilbon egindako batzar nagusiaren ostean jakitera eman duenez, sektoreko 180 enpresaren artean inkesta egin dute.
Horren arabera, lehen hiruhilekoa ona izan da eta 986 afiliatu baino gehiago lortu dituzte jada. Horrenbestez, enpresen % 75 aurreikusitakoa baino jarduera hobeagoa edo berdina izan dute.
Enpleguaren aurreikuspenak bete dituzte, mila lanpostu sortzea espero baitzuten eta jada bete dituztelako; hala ere, baliteke, iaz bezala, "gorabeherak" izatea. Bestalde, zalantzen artean, "betikoak" aipatu ditu Lopez Gilek: brexita, Txina eta AEBren arteko gatazka komertziala eta Europako ibilgailuei AEBk ezarri ditzakeen muga-zergak.
Bestalde, hiru enpresatik bik arazoak dituzte langileak aurkitzeko. Langileak kontratatzerakoan jarrera, trebakuntza eta lan-eskarmentua begiratzen dute, baita 35 urtetik beherako langileak izatea ere.
Metalaren lan-hitzarmenaren harira, itxaropen gutxi daudela esan du; izan ere, urtebete eta 18 bilera izan ostean aurrerapausorik eman ez dela aitortu du: "Guk ere lan-hitzarmen duina nahi dugu, baina ez da erraza euren artean ere ados jartzen ez diren lau sindikaturekin negoziatzea".
Federazioko presidentearen arabera, iaz soldata igoera eman zen metalaren enpresen % 62an; metalaren sektorea garrantzitsuena da Bizkaiko industrian eta 50.000 langile baino gehiago hartzen ditu bere baitan.