Ekonomia -
Greba Garbialdi enpresan
Gipuzkoako epaitegien garbiketa lehengoratzeko inplikazioa eskatu diote Jaurlaritzari
Justizia Administrazioko langileen sindikatuek eta epaile zein fiskalen elkarteek eskakizuna egin dute agiri bateratu batean.
Agentziak | Erredakzioa
"Greba eskubidearen ariketa legitimoa errespetatuz, bere eskumenak bete eta Gipuzkoako eraikin judizialetan garbiketa zerbitzua berrezartzeko lan egitea eskatu diote" Justizia Administrazioko langileen sindikatuek eta epaile zein fiskalen elkarteek Eusko Jaurlaritzari.
Magistraturaren elkarte profesionalak, Francisco de Vitoria elkarte judizialak, Demokraziaren Aldeko Epaileen Euskadiko sekzioak, fiskalen elkarteak, fiskalen batasun progresistak eta ELA, CCOO, LAB eta CSIF sindikatuek eskakizuna egin dute agiri bateratu batean.
2018ko irailaren 19an Garbialdi enpresako langileen greba hasi zenetik zazpi hilabete baino gehiago pasa direla gogorarazi dute idatzian. Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak Garbialdi Gipuzkoako eraikin judizialak garbitzeko kontratatu zuen.
Zehaztu dutenez, garbitasun faltak "zikinkeria eta hautsa bulegoetan eta aretoetan bistakoak izatea" eragin du, baita pasilloetan eta halletan ere. Azken horietan "poltsak eta kutxak pilatzen ari dira, zaborra bertan jasotzeko".
"Higiene faltak ingurumenaren kalitatea murrizten duten usainak eta hatsak sortzen ditu, pertsonen osasuna arriskuan jarriz", nabarmendu dute.
Horregatik, 2018ko bukaeran Justizia Sailak garbiketa kontratua (2019-2020) Garbialdi enpresari berriz emateko erabakiak harridura sortu zuela azaldu dute, "hitzartutakoa betetzen ari ez zelako, ordurako beharginek bi hilabete greban baitzeramatzaten".
"Esleipen horren arrazoiak zeintzuk izan ziren ez dakigu, baina emaitza iragarri zitekeen: zerbitzua eskaini gabe jarraitu zuten eta jarraitzen da egun", deitoratu dutenez.