Ekonomia -
Gipuzkoa
Lan-gatazkarekin amaitzeko eskatu diote adinekoen senideek Gipuzkoako Aldundiari
Senideen esanetan, "akordio" bat dago ELA sindikatuaren eta Adegi eta Matia patronalen artean, eta Gipuzkoako Aldundiak "finantzatuz gero, horrek lan-gatazkarekin amaituko luke".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gipuzkoako adinekoentzako egoitzetako lan-gatazkarekin amaitzeko eskatu diote Gipuzkoako Foru Aldundiari egoitza horietako erabiltzaileen senideek. Egoitzetako langileek 56 egun daramatzate greban.
Erabiltzaileen senitartekoek agerraldia egin dute larunbat honetan Donostian, eta agiria irakurri dute, esanez adinekoak "sufrimendu handia" pairatzen ari direla grebagatik, eta Gipuzkoako Aldundiak "giltza" daukala gatazkari amaiera emateko.
Senideen esanetan, ELA sindikatuaren eta Adegi eta Matia patronalen arteko "akordio" bat dago, eta "hura finantzatuz gero, horrek lan-gatazkarekin amaituko luke, langileen lan-baldintzak hobetuko eta egoitzetako langile kopuruak handituko lituzkeelako".
Hori dela eta, Maite Peña Gipuzkoako Gizarte Politiketarako diputatuari eskatu diote argitzeko zergatik ez duten akordio hori finantzatzen.
Bestalde, senideek salatu dutenez, greba bitartean, "eskaintzen ez duten zerbitzu batengatik egoitzetako enpresa emakidunek berdin kobratzen jarraitu dute" eta, horren bitartean, erabiltzaile kaltedunen senideek "ahalegin ekonomiko bera egin behar dute gero eta defizitarioago den zerbitzu batengatik".