Ekonomia -
Lana
Donostiako epaitegi batek lan-istriputzat jo du langile batek jasan zuen antsietatea
Ebazpenaren arabera, beharginak nagusiaren jazarpena jasaten zuen eta horrek eragin zion antsietatea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Donostiako epaitegi batek lan-istriputzat jo du segurtasun zaindari batek jasan zuen antsietatea, nagusiaren jazarpenak eragin ziola iritzita.
CCOO sindikatuak ohar bidez azaldu duenez, Sureste Seguridad enpresako langilea 2018ko maiatzaren eta uztailaren bitartean egon zen bajan, antsietateagatik.
Sindikatuaren arabera, "konpainiak berak egindako ikerketak ere ondorioztatu zuen taldeko buruak langilearenganako jarrera neurrigabea zeukala eta etsai-giroa zegoela, eta orain epaiak hori berretsi du".
Horrez gain, Gizarte Segurantzak eta Mutuak langile horren gaixotasuna lanarekin lotuta zegoela onartu nahi izan ez dutela kritikatu du CCOOk. Are gehiago, "lan-istripua zela ezkutatzen saiatu dira", salatu du.
Nolanahi ere, Donostiako Lan-arloko 2. Epaitegiaren ebazpena argia da, eta kasu honetan "antsietatea laneko giro gatazkatsuak eta beharginaren aurkako jazarpenak" eragin zutela azpimarratu du.