Ekonomia -
Tuvisa
Greba Gasteizko autobus zerbitzuan maiatzaren 6 eta 13an, eta mugagabea 17tik aurrera
Udalak egindako azken proposamenak ez ditu langileak konbentzitu, eta enpresa-batzordeak deitutako greba babestea erabaki dute batzarrean, arratsaldean.
Agentziak | Erredakzioa
Tuvisako beharginen batzarrak maiatzaren 6an eta 13an (astelehenak) greba egitea erabaki du. Era berean, Gasteizko autobusen langileek maiatzaren 17tik aurrera (ostirala) lanuzte mugagabea egitea adostu dute. Saskibaloiko Euroligaren azken fasea, Lauko Finala, hastearekin batera abiatuko dute.
Azken asteetan udal gobernuak eta enpresa-batzordeak zenbait bilera egin dituzte, akordio bat adostu eta lanuzteak bertan behera uzteko ahaleginean. Udalak "data eta neurri zehatzak" planteatu ditu proposamen batean, beharginen eskakizunei erantzuteko.
Hala ere, Udalak egindako azken proposamenak ez ditu langileak konbentzitu, eta enpresa-batzordeak deitutako greba babestea erabaki dute batzarrean, arratsaldean, Francisco Guzman enpresa-batzordeko presidenteak azaldu duenez. Horrela, beharginen % 85ek babestu dute greba.
Tuvisako 350 langileen eskaerak lau puntutan laburbildu daitezke: behin-behinekotasuna murrizteko lan eskaintza publiko bat deitzea, aurretiko erretiroen inguruko akordioa berreskuratzea, zenbait linearen frekuentzia areagotzea eta ibilbide amaierako geltokietan komunak jartzea.