Ekonomia -
EAEko ekonomiaren bilakaera
Jaurlaritza: 'Aurreikusitakoa baino hobeto gainditu du EAEk beheraldi industriala'
Ekonomia % 2,2 eta enplegua % 1,8 hazi dira EAEn urteko lehen hiruhilekoan.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzaren esanetan, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) lehen hiruhileko ekonomiaren bilakaera ikusita, "aurreikusitakoa baino hobeto gainditu du EAEk beheraldi industriala"; eta hori, Ekonomia eta Ogasun Sailak agiri batean jakitera eman duenez, datu "positiboa" da.
Barne Produktu Gordinaren (BPG) urtebeteko tasa % 2,2 hazi da 2019ko lehen hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoan baino bi hamarren gutxiago. Enpleguak, bere aldetik, % 1,8 egin du gora.
Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) ostiral honetan aurreratutako datuen arabera, aurreko hiruhilekoko datuekin alderatuta, BPGa % 0,6 hazi da, eta enplegua (lanaldi osoko lanpostuak), % 0,3.
Horrenbestez, Eustaten arabera, EAEko ekonomiak lehenago aurreikusitako hazkundean jarraitzen du, eta, urte arteko hazkundearen moteltzearekin batera, aurtengo lehen hiruhilekoan, halako azkartze bat eman da hiruhileko arteko hazkundean.
Eskaintzaren ikuspegitik, urte arteko eta hiruhileko arteko hazkundea bereziki zor zaio industriak urteko lehen hiruhilekoan izandako suspertzeari. Lehen sektoreak, eraikuntzaren sektoreak eta, gutxiago, zerbitzuenak jokamolde dinamikoa erakusten jarraitzen dute, motelagoa bada ere aurreko hiruhilekoaren aldean.
Azkenik, enplegua % 1,8 gehitu da aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, hau da, aurreko hiruhilekoko hazkunde zenbatetsiarekiko bi hamarren gutxiago. Hiruhileko arteko hazkundea % 0,3 izan da, egutegiko eta urtaroen eragina behin zuzenduta.
Martxoaren amaieran, Eusko Jaurlaritzak hamarren bat txikitu zuen urte arteko Barne Produktu Gordinaren hazkundea. Enpleguaren harira, % 1,5 haziko dela aurreikusi zuen, hasieran kalkulatutakoa baino hamarren bat gehiago.