Ekonomia -
Greba Gipuzkoan
Zahar-egoitzetako langileek Aldundia jo dute lan gatazkaren erantzule
Gatazka horri irtenbidea bilatze aldera, behargin talde batek elkarretaratzea egin du goizean Donostian. Gainera, gaurtik aurrera eta maiatzaren 10era arte, greba egingo dute langileek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
"Gipuzkoako Foru Aldundia da zahar-egoitzetako beharginen lan gatazkaren erantzule nagusia", ELAk ostiral honetan adierazi duenez. Sindikatuaren arabera, "arrazoi politikoak tarteko", patronalarekin adostutako akordioa ez finantzatzea erabaki du Aldundiak.
Gatazka horri irtenbidea bilatze aldera, behargin talde batek elkarretaratzea egin du goizean Donostiako Txara eraikinaren aurrean. Gainera, gaurtik aurrera eta maiatzaren 10era arte, greba egingo dute langileek. Lan gatazka hasi zenetik, 62 lanuzte egun izan dituzte Gipuzkoako zahar-egoitzetan, hurrengo egunetarako iragarritako greba egunak barne hartuta.
"Langileen haserrea geroz eta handiagoa da", esan du Txomin Lasa ELAko bozeramaileak. Haren hitzetan, gaurko protestaren helburua zen aldarrikapena Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuaren aurrean zabaltzea, alegia, Adegi eta Matia patronalekin akordioa zegoela gogoraraztea eta, finantzatu ez zutenez, aurrera atera ez dela aurpegiratzea.
Lasaren esanetan, Aldundiak akordioa lortzea eskatu zion ELAri, hitzarmena berritze aldera. Orduan, berori aplikatzeko konpromisoa hartu zuen Foru Aldundiak. "Prozesu osoan parte hartu du, eta eman ditugun urrats guztien berri izan du", argitu du.
Akordio horri buruzko txostena Aldundiari igorri zioten, baina finantzatzea errefusatu zuen. "Gainera, gipuzkoarrei erabakiaren berri eman beharrean, txostenaren edukia faltsifikatu zuen, eta existitzen ez zela esan zuen publikoki", nabarmendu du ELAko ordezkariak.
LABek greba egun gehiago deitu ditu
LABek, bestalde, apirilaren 29rako, 30erako eta maiatzaren 2rako, 3rako, 4rako eta 5erako deitu ditu lanuzteak. Kasu horretan, sektore mailako hitzarmen "duina" aldarrikatu du LABek lurralde horretako 5.000 langileentzat.
Duela egun batzuk emandako prentsaurrekoan, aipatu sindikatuak gogorarazi zuen "lan eredua aldatze aldera, lanean eta mobilizatzen aritu direla, interes ekonomikoak alde batera utzita, baina gizartearen oinarrizko eskubideak hobetzeko asmoz".
Ildo horretan, ziurtatu zuen zahar-egoitzen sektorea defendatzen jarraituko dutela. "Zerbitzu publikoa izan behar da, beraz, ez dira enpresa pribatuen interesen araberako erabakiak hartu behar", gaineratu zuen.