Ekonomia -

Finantzak

Kutxabankek 106 milioi euro irabazi ditu lehen hiruhilekoan, iaz baino % 5 gehiago

Segmentu guztietan izandako dinamika komertzial handiagoa eta produktuen kontratazioan lortutako marka onak izan dira lehen hiruhilekoaren gakoetako batzuk.

Kutxabankeko bulego bat. ETBren bideo batetik lortutako argazkia
Kutxabankeko bulego baten atea
Kutxabankeko bulego bat. ETBren bideo batetik lortutako argazkia

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kutxabank taldeak 106,4 milioi euro garbi irabazi ditu 2019ko lehen hiruhilekoan, aurreko urteko epe berean baino % 5,2 gehiago, erakundeak prentsa ohar batean azaldu duenez.

Cajasurrek 8,1 milioi euroko ekarpen positiboa egin du, 2018an baino % 18,6 gehiago, alegia.

Bankuaren datuen arabera, segmentu guztietan izandako dinamika komertzial handiagoa eta produktuen kontratazioan lortutako marka onak izan dira lehen hiruhilekoaren gakoetako batzuk. Bezeroen negozioa merkatuaren batez bestekoaren gainetik hazi da nabarmen, batik bat mailegu hipotekarioetan eta kontsumokoetan. 

Horrenbestez, mailegu hipotekarioek marka berria lortu dute, 2018ko garai berarekin alderatuta % 31,4 igo baitira. Horrez gain, kontsumo gaietara bideratutako maileguak % 20,2 hazi dira.

Horrekin guztiarekin, Kutxabankek 900 milioi euro bideratu ditu bezero dituen pertsona eta familien beharrizanak asebetetzera, iaz baino % 29,7 gehiago.

Kutxabankek merkatuaren bilakaera gainditu du enpresen finantzazioan, Enpresen Bankako inbertsio produktiboa % 4,1 hazi baita, % 7,8 aktibo zirkulatzailea eta % 11,1 ETEen deskontu komertziala.

Aseguruen negozioak sortutako sarrerek ere aldeko bilakaera izan dute. Jarduera horrek 36 milioi euroko ekarpena egin dio emaitzen kontuari, % 7,6 gehiago, hain zuzen.

Zantzu positiboen artean, nabarmentzekoa da burtsek izan duten bilakaera ona (% 5,5 hazi da), nahiz eta tentsio geopolitikoek sortutako ziurgabetasuna handia izan den.  

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kutxabank Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak