Ekonomia -

Asotrovaren salaketa

EAEko garraiolariek Bizkaiko IAT aztertokien 'kolapsoa' salatu dute

Asotrava elkartearen arabera, denbora asko igarotzen da hitzordua eskatzen dutenetik ibilgailuen azterketa teknikoa egiten dutenera arte, eta "garraiolariek lanorduak galtzen dituzte".

ETBren bideo batetik ateratako irudia
Bizkaiko IAT tailerren 'kolapsoa' salatu dute euskal garraiolariek
ETBren bideo batetik ateratako irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asotrava Euskal Garraiolari Autonomoen Elkarteak salatu duenez, "arazo larriak" daude ibilgailu astunen azterketa teknikoak egiteko orduan, zerbitzu hori ematen duten aztertokiak lanez gainezka daudelako. "Kasu askotan, garraiolariok gutxienez lanegun bat galdu behar dugu, eta denbora eta diru hori ezin dugu berreskuratu", kritikatu dute.

Horregatik, euskal garraiolarien iritzian, Jaurlaritzaren lana da aztertoki horiek zerbitzua ematera behartzea, betiere, "legeak agindutako bitartekoekin".

Amaia Martinez Asotravako idazkari tekniko eta bozeramailearen hitzetan, arazoa Euskal Autonomia Erkidego osora zabaldu da, baina Bizkaian dago egoera larriena.

Esan bezala, aurretiko hitzordua eskatzeko orduan hasten da arazoa. Izan ere, "denbora asko pasatzen da hitzordua eskatzen denetik, azterketa egiten denera arte". Hori gutxi ez eta, "behargin askok lanorduak galtzen dituzte, aztertokietan bitarteko eta langile gutxi daudelako".

Eusko Jaurlaritza

Asotravaren ustez, Eusko Jaurlaritzari dagokio neurriak hartzea, zerbitzuaren kudeaketa enpresa pribatuen esku dagoen arren. Errepideetako merkantzien garraioak duen garrantzia kontuan hartuta, Jaurlaritzak zerbitzua errazteko ahalegina egin beharko luke, garraiolarien esanetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Merkantzia-garraioari buruzko albisteak Ekonomia