Ekonomia -

Maiatzaren Lehena

Grebek gizarte hobea lortzeko balio dutela aldarrikatuko du ELAk Maiatzaren Lehenean

ELA sindikatuak Bilbon eta Iruñean egingo ditu Maiatzaren Leheneko manifestazioak.

2018ko maiatzaren 1ean ELAk egindako mobilizazio baten irudia. Argazkia: EFE
2018ko maiatzaren 1ean ELAk egindako mobilizazio baten irudia.
2018ko maiatzaren 1ean ELAk egindako mobilizazio baten irudia. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA sindikatuak Bilbon eta Iruñean ospatuko du aurtengo Maiatzaren Lehena. 'Bizitza da lehena' goiburupean, manifestazioak deitu ditu eta, besteak beste, grebek gizarte hobea lortzeko balio dutela aldarrikatu du.  

"Grebek lan-hitzarmen hobeak lortzea dakarte, baina, aldi berean, gizarte hobea, justuagoa eta demokratikoagoa eraikitzeko ekarpena dira", azpimarratu Maiatzaren Leheneko egitarauaren aurkezpenean.

Iaz bezala, aurten ere Bilbon eta Iruñean antolatu ditu manifestazioak. Pertsonak erdigunean jarriko dituen eredu ekonomiko, sozial eta politiko berria eraikitzea ezinbestekoa dela aldarrikatuko dute.

"Politika ezin da bankuei edo enpresa handiei men egitera mugatu", salatu du sindikatuak ohar batean. Halaber, "aldaketa handiak beti kalean hasten" direla azpimarratu du.

Ekintza sindikala migratzaileen, ekologisten, feministen eta pentsiodunen borrokari lotu behar zaiola defendatu du, "sistema kapitalistari, arrazistari eta heteropatriarkalari aurre egiteko".

Testuinguru politikoari dagokionez, ELAk ohartarazi du egun ildo politikoa eskuin-muturrak markatzen duela, ezkerrak alternatibarik eskaintzeko gai ez dela eta gobernu gehientsuenek "beldurraren kultura" erabiltzen dutela.

Euskal Herrian ere, banketxeek eta patronalek Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren babesarekin, komunikabide handien laguntzarekin eta klase politikoaren zati handi baten laguntzarekin jarduten dutela salatu du ELAk.

Ildo horretan, Jaurlaritzak elkarrizketa sozialerako mahaian "autoritarismoz" jokatzen duela eta gutxiengo zerbitzuen bidez grebak indargabetzen saiatzen dela kritikatu du. "Sindikatuek traba egiten dietela erakusten du horrek", erantsi du.

"Botereari aurre egiteko bitartekorik gabe, ez dago gizarte demokratikorik; langileriak bere nortasun propioaren jabe izan behar du; izan ere, haien gezurrak eta politikak kolektibo gisa antolatuta soilik gainditu daitezke", azpimarratu du.

Gauzak horrela, ELAk "ezinbestekotzat" jotzen ditu mobilizazioa, parte-hartze soziala eta grebarako eskubidea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Iruñea ELA Grebak Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Sindikatuak