Ekonomia -
Emaitza ekonomikoak
Petronorrek 176,3 milioi euro irabazi eta salmenten marka hautsi du 2018an
Hala ere, aurtengo ekitaldia "zaila" izango dela iragarri du Emiliano Lopez Atxurra Petronorreko presidenteak, inbertsio ugari egiten ari baitira.
Agentziak | Erredakzioa
Petronorrek 176,3 milioi euro irabazi ditu 2018an, aurreko urtean baino 2 milioi euro gutxiago; hala ere, salmenten marka hautsi du, 11,9 milioi euro lortu baititu.
Emiliano Lopez Atxurra Petronorreko presidenteak eta Jose Gregorio Luque kontseilari delegatuak konpainiaren emaitzak ezagutzera eman dituzte asteazken honetan. Petrolio-findegirako urte "ona eta pozgarria izan dela" esan du Lopez Atxurrak, "lanean jarraitzeko pizgarria", hain zuzen.
Hala ere, aurtengo ekitaldia "zaila" izango dela iragarri du, inbertsio ugari egiten ari baitira, 2020 eta 2021ean findegia eraginkortasun handiagoz jarduteko.
Bestalde, 2017an geldialdi orokorra jasan ostean, 2018an destilazio unitate guztiak lanean izan dituzte; horrenbestez, tona erregairik handiena lortu dute eta krisiaren aurretik izandako emaitzak lortu dituzte: 78,7 milioi upel eta 11,6 milioi tona, alegia.
Halaber, Petronorrek gastu finkoak kontrolatu ditu 2018an zehar, baita energia kontsumoarenak ere; gainera, gas naturalak eragindako 35.000 tona lerma izan dituzte. bestalde, 13,4 milioi euro bideratu ditu berrikuntzarako.
Bizkaiko Ogasunari, berriz, 826 milioi euroko zerga ekarpena egin dio; 2018an Bizkaian lortutako % 10,6ko zerga-bilketa garbia. Gainera, Bilboko Portuan izandako trafikoaren % 47,29 eragin du.
Lopez Atxurraren esanetan, Petronorrek "negozio eredu berriak" abiatu ditu, egunero "lan egin eta zergak ordaindu behar direla" ahaztu barik; horrenbestez, konpainiaren ohiko jardueran berrikuntzak aurkitu eta horretan inbertitu behar dutela esan du, "bikainak" izateaz gain ingurugiroaren eskakizunak betetzeko.
Petronor "mugikortasunaren eragile industriala" izaten jarraituko duela esan du Lopez Atxurrak; merkatuan "hidrokarburoek protagonismoa izaten" jarraituko baitute, ibilgailu elektrikoarekin batera, eta erabiltzaileak bata ala bestea aukeratu ahal izango du, "norbere egoera ekonomikoaren arabera".