Ekonomia -
CAF Beasain
Amiantoaren eraginez 37 langile hil direla salatu du CAFeko enpresa batzordeak
Lanuztea eta elkarretaratzea deitu dute apirilaren 30erako, biktimen omenez eta duela gutxi hil diren bi behargin ohien heriotza salatzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Beasaingo CAFeko enpresa batzordeak asteazken honetan salatu du dagoeneko 37 direla "lanpostuan amiantoa arnasteagatik" hil diren enpresako beharginak.
Prentsa-ohar baten bidez eman dute datu hori, eta, biktimen omenez eta duela gutxi hil diren bi langile ohien heriotza salatzeko, apirilaren 30ean lanuztea eta elkarretaratzea egingo dutela iragarri dute.
Ohar horretan, CAFeko enpresa batzordea "haserre" agertu da gaixoen, hildakoen edota haien senitartekoen eskaerak oztopatzen dituzten enpresen jarreragatik, "dagozkien eskubideak soilik" aldarrikatzen dituztelako; "kalte-ordainak jasotzea, besteak beste".
"Administrazioaren jarrera ere salatu nahi dugu, biktimak konpentsatzeko orduan jarritako eragozpenengatik, eta horrenbestez konpentsazio funts bat sortzeko orduan zailtasunak ezartzeagatik". Horrela, auzitegietara joatea saihestuko lukete biktimek, idatzian jaso dutenez.