Ekonomia -
Lan-istripuak
Iaz 67 pertsona hil ziren lan-istripuetan, 2012az geroztik daturik okerrena
Azken sei urteotan lan-istripuetan hildako pertsonen kopuruak gora egin duela salatu du ELAk. "Datu eskandalagarria da", ohartarazi du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
ELA sindikatuak jakinarazi duenez, 2018an 67 lagun hil ziren lan-istripuetan Hego Euskal Herrian. 2012tik izan den daturik okerrena da. Euskal Autonomia Erkidegoan 46 hildako izan ziren, 2017an baino % 7 gehiago; Nafarroan, ostera, hildakoak 21 izan ziren, % 62 gehiago.
Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, Pello Igeregi, Leire Heredia eta Andoni Larralde ELAko ordezkariek agerraldia egin dute aipatu datuak emateko.
Lurraldez lurralde, Bizkaian 30 langile hil ziren iaz (% 45 gehiago); Gipuzkoan, 10 (% 43 gutxiago); Araban, 6 (2017an baino bat gehiago); eta Nafarroan, 21 behargin hil ziren (% 62 gehiago).
Lan-istripu traumatikoak % 73,84 izan ziren. Heriotza horien % 63,63 kolpeen eta harrapatzeen ondorioz gertatu ziren; eta %36,36 altueretatik behera erorita.
Sektoreak kontutan hartuz gero, garraioan eman ziren heriotza kasu gehienak (% 24,61), zerbitzuen (% 23,07), eraikuntzaren (% 21,54) eta industriaren (% 21,54) aurretik. Lan-istripu ez-traumatikoak % 26,15 izan dira.
Beste datu batzuk ere eman dituzte. Esterako, lanerako joan-etorrian izandako heriotzak % 10,77 izan ziren; hildako langileen % 30ek azpikontratuta ari ziren beharrean, eta sei autonomoak ziren.
ELAk ohartarazi du datu "eskandalagarriak" direla eta salatu du Osalanek eta Nafarroako Lan Osasun Institutuak lan-istripuetan hildako langileen kopurua murrizteko joera izaten dutela eta lanak eragindako gaixotasunengatik hildako pertsonak zenbatzen ez dituztela.
Ildo horretan, sindikatuak erantzi du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 3.278 gaitz profesional antzeman zituztela iaz, eta 1.557 Nafarroan.