Ekonomia -
Lan-gatazka
Hegaldi bat atzeratu dute Bilboko Aireportuan, pasareletako langileen greba dela eta
Londresera zihoan hegaldi bat atzeratu dute ostegun goiz honetan. Bilboko Aireportuko pasareletako langileek soldata igoera eta lan-baldintzak hobetzea eskatzen dute.
Agentziak | Erredakzioa
Londresera zihoan hegaldi bat atzeratu dute ostegun goiz honetan Bilboko Aireportuan, pasareletako langileen greba dela eta. Bidaiariak hegazkinetara eramateko erabiltzen diren tunel edo pasarelak garraiatzeaz eta mantentzeaz arduratzen diren langileek atzo abiatu zuten greba mugagabea.
Bilboko Aireportuko ‘finger’ edo pasareletako beharginek % 5eko soldata igoera eta lan-baldintzak eta instalazioak hobetzea eskatzen dute. Grebak irauten duen bitartean, bidaiariak autobusez mugitu behar dituzte.
Asteazkenean 15 hegaldi atzeratu ziren Bilboko Aireportuan, gehienak arratsaldean. Ostegun goiz honetan, berriz, hegaldi bakarra atzeratu behar izan dute, Londresera zihoana.
Egun hauetan lan handia dute Bilboko Aireportuan, izan ere, Aste Santuan 869 hegaldi aurreikusita dituzte.
"Urtebete eta erdi borrokan"
Gorka Bermejo beharginen ordezkariaren hitzetan, lan-gatazka esleipena duen enpresaren -Dimain Systems- "utzikeriagatik" sortu da, ez baitu "negoziazio-mahaian jesarri ere egin nahi". Langileek % 5eko soldata igoera —batez beste 1.200 euro kobratzen dituzte, asteburuak barne— eta lan baldintza eta instalazioak hobetzea eskatzen dute.
"Laneko arropa lortzeko ere borrokan ibili behar izan gara. Kale gorrian egiten dugu lan, eta, halere, ez genituen euritarako jantziak. Aldageletan saguak izan ditugu... 2017ko azarotik daramagu borrokan, eta enpresak ez du negoziatu nahi", salatu du.
Langileen bozeramailearen arabera, lanean eman dituzten 15 urteotan ez dute greba bakar bat ere egin; "aurrenekoa da honakoa", erantsi du. "2011an soldata % 21 jaitsi genuen. Beti egon gara negoziatzeko prest. 2017an beste enpresa sartu zen, eta baldintzetan % 42ko igoera zuen arren, ez die gure aldarrikapenei erantzun nahi", azaldu du.
Bermejok salatu du Dimain Systems enpresa greba "boikotatzen" saiatu dela hasieratik. "Lan Ikuskaritzan hainbat arau-hauste salatu ditugu. Ez dugu bat bera ere onartuko".
Sustapen Ministerioak ezarritako gutxieneko zerbitzuen arabera, grebak dirauen artean bidaiariak autobusez mugitu beharko dituzte, hegazkinentzat dauden 15 lekuak guztiz bete arte. 15ak betez gero, pasarelak erabili beharko lirateke. Hori horrela izan arren, "irregulartasunak" izan direla salatu dute langileek.