Ekonomia -
Lan gatazka
Bilboko Aireportuko pasareletako langileak, greba mugagabean
CSIF sindikatuak deituta, pasareletako 13 beharginek greba abiatu dute baldintzak hobetzea eskatzeko, lanean eman dituzten 15 urteetan lehen aldiz. Oraingoz, lanuzteak ez du trabarik eragin.
Eider Garaikoetxea | EiTB.EUS
CSIF sindikatuak deituta, Bilboko Aireportuko 'finger' edo pasareletako 13 langileek greba mugagabea abiatu dute gaur, % 5eko soldata igoera eta lan baldintza eta instalazioak hobetzea eskatzeko.
Lanuzteak Aste Santuko oporren hasierarekin bat egiten du, hegaldi kopurua nabarmen hazten den garai batekin, alegia. Bost jaiegunotan 869 hegaldi hartuko ditu Bilboko Aireportuak. Bidaiariak hegazkinetara eramateko erabiltzen diren tunel edo pasarelak garraiatzeaz eta mantentzeaz arduratzen dira greban dauden langileak.
Gorka Bermejo beharginon ordezkariak eitb.eus-i jakinarazi dionez, litekeena da grebaren ondorioz "hegaldiak atzeratzea edo bertan behera uztea", pasarelarik ez dagoenez, bidaiariak autobusez mugitu behar direlako, eta "Loiuko aireportuan ez dago hainbeste hegazkini zerbitzua emateko bitartekorik".
AENAko iturriek jakinarazi digutenez, "oraingoz, grebak ez du aparteko eraginik izan aireportuaren funtzionamenduan".
"Urtebete eta erdi borrokan"
Bermejoren hitzetan, lan gatazka esleipena duen enpresaren —Dimain Systems— "utzikeriagatik" sortu da, ez baitu "negoziazio mahaian jesarri ere egin nahi". Langileek % 5eko soldata igoera —batez beste 1.200 euro kobratzen dituzte, asteburuak barne— eta lan baldintza eta instalazioak hobetzea eskatzen dute. "Laneko arropa lortzeko ere borrokan ibili behar izan gara. Kale gorrian egiten dugu lan, eta, halere, ez genituen euritarako jantziak. Aldageletan saguak izan ditugu... 2017ko azarotik daramagu borrokan, eta enpresak ez du negoziatu nahi", salatu dute.
Langileen bozeramailearen arabera, lanean eman dituzten 15 urteotan ez dute greba bakar bat ere egin; "aurrenekoa da honakoa", erantsi du. "2011an soldata % 21 jaitsi genuen. Beti egon gara negoziatzeko prest. 2017an beste enpresa sartu zen, eta baldintzetan % 42ko igoera zuen arren, ez die gure aldarrikapenei erantzun nahi", azaldu du.
Gaur goizean hegazkinek ez zuten pasarelarik. Argazkia: CSIF
Bermejok salatu du Dimain Systems enpresa greba "boikotatzen" saiatu dela hasieratik. "Gaur bertan Lan Ikuskaritzan hainbat arau-hauste salatuko ditugu. Ez dugu bat bera ere onartuko".
Sustapen Ministerioak ezarritako gutxieneko zerbitzuen arabera, grebak dirauen artean bidaiariak autobusez mugitu beharko dituzte, hegazkinentzat dauden 15 lekuak guztiz bete arte. 15ak betez gero, pasarelak erabili beharko lirateke. Hori horrela izan arren, goizean "irregulartasunak" izan direla salatu dute langileek.
Beharginek elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian aireportuko irteeren hall-ean, eta hala egingo dute egunero, greban dauden bitartean.