Ekonomia -

Eskumenak

AP-68 autobidearen transferentziarekin, EAEko errepide guztiak aldundien esku daude

Eusko Jaurlaritzako eta Espainiako Gobernuko ordezkariek arratsalde honetan sinatu dute AP-68 autobidearen eskumena eskualdatzeko akordioa.  

Bi gobernuek bideokonferentziaz egin dute bilera. Argazkia: Eusko Jaurlaritza
Bi gobernuek bideokonferentziaz egin dute bilera.
Bi gobernuek bideokonferentziaz egin dute bilera. Argazkia: Eusko Jaurlaritza

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak atzo itxi zuten AP-68 autobidearen transferentzia eskualdatzeko akordioa eta gaur arratsaldean sinatu dute ituna. Eskumen hori gauzatuta, Euskal Autonomia Erkidegoko errepide guztiak foru aldundien esku egongo dira.  

Jaurlaritzak Arabako eta Bizkaiko aldundien esku utziko du autobide horren gaineko ardura. 2026a arte Abertis konpainiak kudeatuko du, eta ordura arte ordainpekoa izango da. Diputazioek erabakiko dute urte horretatik aurrera doanekoa izatea edo ez.

Zehazki, 77,5 kilometroko tartea utzi du Euskal Autonomiaren Erkidegoko erakundeen esku: Bilbotik Burgoseraino doan tartea, hain zuzen ere.

Transferentzien Batzorde Mistoa gaur arratsaldean bildu da bideokonferentzia bidez eta ituna sinatu dute. Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza Josu Erkoreka, Pedro Azpiazu eta Arantxa Tapia sailburuek osatu dute. Espainiako Gobernuaren izenean, berriz, Jose Ignacio Sanchez Amor Lurralde Politikako Estatu idazkaria eta Jesus Loza Gobernuak EAEn duen ordezkaria izan dira. Meritxell Batet Lurralde Politikako ministroak ez du parte hartu apirilaren 28ko hauteskundeetan hautagaia delako.

Azken asteotan bi aldeak lau transferentzia negoziatzen aritu dira. Hauteskunde kanpaina hasi aurretik akordio bat lortzea zen haien asmoa, baina ezinezkoa izan da, arlo ekonomikoan ezberdintasunak dituztelako.

Astelehenean, baina, AP-68 autobideari buruzko akordioa itxi zuten eta gaur sinatu dute ituna.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak AP-68 autobidea EAEko Autonomia Estatutua