Ekonomia -
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOA
Zabalik da 270 udaltzain postu betetzeko aukeraketa prozesuan izena emateko epea
Interesa dutenek maiatzaren 20ra arte eman ahalko dute izena. Guztira, 36 udalerritako 270 udaltzain postu bete nahi dituzte hautaketa prozesu horretan.
EITB.EUS
Gaurtik aurrera zabalik da Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 36 udalerritan 270 udaltzain postu betetzeko aukeraketa prozesuan izena emateko epea.
Postu horietakoren bat betetzeko interesa dutenek maiatzaren 20ra arteko epea dute izena emateko Arkautiko Akademiaren webgunean izena emateko, bertan parte hartzeko baldintzak betez gero.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak atzo argitaratu zuen du EAEko 36 udalerritan udaltzaingoko oinarrizko eskalako 270 udaltzain postu betetzeko aukeraketa prozesu bateratua deitzeko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendariaren ebazpena. 36 udalerri horietako 17 Bizkaikoak dira, 16 Gipuzkoakoak eta 3 Arabakoak.
Lanpostuak honela banatzen dira, udalerriz udalerri: Araban, 1 Amurrion, 5 Laudion eta 39 Gasteizen; Bizkaian, 2 Abanto-Zierbenan, 3 Amorebieta-Etxanon, 20 Barakaldon, 6 Basaurin, 11 Bermeon, 1 Derion, 21 Getxon, 1 Gorlizen, 9 Etxebarrin, 3 Lekeition, 7 Mungian, 2 Ortuellan, 4 Portugaleten, 13 Santurtzin, 2 Sestaon eta 2 Zallan; Gipuzkoan, 1 Aretxabaletan, 5 Arrasaten, 2 Azkoitian, 2 Beasainen, 49 Donostian, 8 Eibarren, 4 Elgoibarren, 7 Errenterian, 13 Irunen, 4 Lasarten, 1 Ordizian, 6 Pasaian, 2 Urretxun, 3 Zarautzen, 1 Zumaian eta 8 Zumarragan.
Orain arte egin diren deialdi bateratuen artean, honakoa da lanpostu eskaintza handiena egin duena; izan ere, lehenengo deialdian, 12 udalerrik parte hartu zuten eta 75 postu eskaini ziren, eta bigarrenean, 26 udalerrik parte hartu zuten eta 232 postu eskaini ziren.
Aurreikuspenak betetzen badira, hautaprobak ekainean hasiko dira eta prestakuntza ikastaroa, ostera, azaroan.