Ekonomia -

Euskaltel

Zegonak gehiengoa izan ez dezan, Euskaltelen sartzeko eskatu dio CCOOk Jaurlaritzari

"La Navalen gertatu dena Euskaltelen errepika daiteke", ohartarazi du konpainia horretan gehiengoa duen sindikatuak.

Euskaltelen logoa. ETBko bideo batetik hartutako irudia
Euskaltelen logoa.
Euskaltelen logoa. ETBko bideo batetik hartutako irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zegona enpresa britainiarrak Euskalteleko akzioen % 21 eskuratu ditu eta akziodun nagusia bilakatu da oraintsu.

Testuinguru horretan, CCOO sindikatuak bere kezka agertu du eta neurriak har ditzala exijitu dio Eusko Jaurlaritzari. Zehazki, hiru aukera aipatu ditu: Euskaltelen akzioak erostea, inbertitzaileak topatzea edo beste akziodun batzuekin akordioetara heltzea.

"Deserrotze-prozesua saihestu behar dugu, baina baita konpainia desegitea edo etekin ekonomikoa lortzeko saltzea ere", ohartarazi du Loli Garcia CCOOko idazkari nagusiak.  

"Zegona bezalako funts putreek epe laburreko etekin ekonomikoa bilatzen dute, horregatik exijitzen diogu Eusko Jaurlaritzari berehalako neurriak har ditzala, hauteskunde garaian egiten diren adierazpenak albo batean utzita; izan ere, La Navalen gertatu dena Euskaltelen errepikatzeko arriskua dago", azpimarratu du.

Horrez gain, Zegonak, akzio gehiago erosita edo beste akziodun batzuekin akordioak eginda, Euskaltelen estatutua aldatzeko eta erabakiak hartzeko gehiengoa lor dezakeela ohartarazi du.

Euskaltel enpresa publiko gisa sortu zela eta orain esku pribatuetan geratuko dela salatu du. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzaren jarrera kritikatu du "komunikazioena bezalako sektore estrategiko bat Euskadin mantentzeko plan industrialik ez duelako eta enpresa publikoak pribatizatzea ohiko praktika bilakatu duelako".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak CCOO