Ekonomia -

Abiadura Handiko Trena

AHTa 2024an jarriko dute martxan, Jaurlaritzaren aurreikuspenaren arabera

Jaurlaritzak azaldu duenez, euskal hiriburuak lotzeko trenak ordu erdiro aterako dira, eta bidaia-txartelaren prezioa 8 euro ingurukoa izango da.  

AHTren obrak. ETBko bideo batetik hartutako irudia
AHTren obrak. Artxiboko irudia
AHTren obrak. ETBko bideo batetik hartutako irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspena betez gero, Abiadura Handiko Trena 2024an jarriko dute martxan, eta trenak ordu erdiro aterako dira Bilbo, Gasteiz eta Donostiatik.

Arantxa Tapia Garapen Ekonomikoa eta Azpiegitura sailburuak azpimarratu du lanak bide onetik doazela, eta berretsi egin du AHTa eraikitzeko obrak 2023an amaituta egongo direla. Hala bada, trena 2024an martxan izango dela adierazi du.

Nolanahi ere, trena martxan jarri ahal izateko aurrez beste lan batzuk egin behar direla ohartarazi du; hala nola, trenbideak ezarri, elektrifikazioa egin edota transformadoreak jarri. Lan horiek gauzatzeko urte eta erdiko epea beharko dutela jakinda, azken unera arte ez itxaroteko deia egin du Tapiak.

Jaurlaritzaren iritzian, hiriburuetako geltokien eraikuntzarekin batera hasi beharko lirateke aipatu egiturak ezartzeko lanak, trena 2024an martxan egongo bada.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren kalkuluen arabera, bidaia-txartelaren bataz besteko prezioa 8 euro ingurukoa izango omen da, eta euskal hiriburuak lotzeko trenak 30 minuturo aterako dira.

Halaber, Donostia-Gasteiz eta Donostia-Bilbo ibilbideak 45 minutuan egingo lituzke AHTak; Gasteiz-Bilbo ibilbidea egiteko, berriz, 30 minutu beharko ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Abiadura Handiko Trena