Ekonomia -
ingurumena
URAk Bermeoko enpresa bati zigorra ezarri diezaioke berriro, isuri batengatik
Arrain-olioak eta irinak ekoizten dituen Barna enpresa Bermeo eta Mundaka arteko errepidetik gertu dago eta, antza, berea da joan den astean antzemandako isuria.
Agentziak | Erredakzioa
URA, Uraren euskal agentzia, Bermeoko enpresa bati berriro zigorra ezartzen dion aztertzen ari da, itsasora legez kontrako isuria egin ostean. Izan ere, behin baino gehiagotan eskatu diote enpresari saneamendu sistema orokorrera konektatzea, baina egun ez du agindua bete.
Agiri batean URAk jakitera eman duenez, orain astebete antzemandako isuria Barna enpresatik dator. Enpresa hori Bermeo eta Mundaka arteko errepidetik gertu dago, Bermeoko araztegitik metro gutxira, eta arrain-olioak eta irinak ekoizten ditu.
2010ean, Lamiarango araztegia martxan jarri aurretik, bere hondakin urak sistemara bideratu zitzala eskatu zion URAk. 2015ean, araztegia jada martxan zela, berriro errekeritu zioten urok konektatu zitzan; baina, ez da halakorik gertatu oraindik. Beraz, itsasora isurtzen ditu urak Ingurumeneko Baimen Bateratu baten babespean.
Orain dela gutxi, itsasora egindako isurketa berri bat antzeman zen isurketa-baimenetik haratago eta orban zurixka eta zabala sortu zen.
Azken isuri horren izaeraren nondik norakoak aztertu bitartean, URAren arabera, "antza garbiketa prozesuan izandako oker baten ondorioz eman da isuria".
Iaz antzeko isuri batengatik zehapen-txostena ireki eta ebatzi zitzaion. Horrenbestez, oraingoan, URAko ikuskariak bertaratu egin dira enpresako instalazioetara laginak hartzeko, eta isurketa ikertzen jarraitzeko.