Ekonomia -
ELKARRIZKETA SOZIALA
Elkarrizketa Sozialerako Mahaian parte hartzeko deia, Jaurlaritzak ELAri eta LABi
Eusko Jaurlaritzak urtarrilaren 15ean onartu zuen Mahaia sortzeko dekretua, eta otsailaren 11n jarri zen berriro martxan, CCOO eta UGT sindikatuen eta Confebask patronalaren parte-hartzearekin.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Maria Jesus San Jose Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia sailburuak Elkarrizketa Sozialerako Mahaian parte hartzeko eskaera egin die ELA eta LAB sindikatuei. Gaur-gaurkoz, CCOO eta UGT sindikatuek eta Confebask patronalak soilik hartzen dute parte Mahaian.
"Nahi dugun lanaren etorkizuna. Eztabaida globala" izeneko kongresuaren inaugurazio ekitaldian eskainitako hitzaldian egin du deialdia sailburuak.
Eusko Jaurlaritzak urtarrilaren 15ean onartu zuen Elkarrizketa Sozialerako Mahaia sortzeko dekretua. Horren ondotik, otsailaren 11n osatu zen Elkarrizketa Sozialerako Mahaia, ELAren eta LABen parte-hartzerik gabe.
San Josek adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak "biziki" sinesten du "tripartismoan", Lanaren Nazioarteko Erakundeak ezartzen duen oinarrietako batean. Horren arabera, Administrazioak, sindikatuek eta enpresa erakundeek elkar ulertu behar dute.
Hori dela eta, Mahaian parte hartzeko gonbidapena egin die sailburuak ELAri eta LABi.