Ekonomia -
Bigarren jaulkipena
Bonu Jasangarriaren eskariak laukoiztu egin du eskaintza
Horrela, 140 inbertitzaile baino gehiagok 2.508 milioi euro eskatu dituzte. Inbertitzaileen tipologiari dagokionez, gehienak inbertsio funtsak (% 47) eta bankuak (% 33) dira.
Agentziak | Erredakzioa
Euskadi Bonu Jasangarriaren jaulkipenaren eskaintza laukoiztu egiten duen eskaria jaso du Eusko Jaurlaritzak gaur goizean. Horrela, 140 inbertitzaile baino gehiagok (2018an baino 30 gehiagok) 2.508 milioi euro eskatu dituzte, EAEko Exekutiboak agiri batean azaldu duenez.
Oraingo honetan 19 herrialdetara heldu dira, 2018an baino sei gehiagora. “Erantzun horrek, Jaurlaritza moduan jaulkipen jasangarrien alde apustu egitean asmatu egin dugula berresten du”, adierazi du Pedro Azpiazu Ekonomia sailburuak.
Atzo jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzak 600 milioi euroko balioa zuen zor publikoa jaulkitzeko asmoa. “Gure finantza produktua merkaturatu duten erakundeek azaldu digutenez, inbertitzaile jasangarrien artean interes gehien sortu duen Estatuko jaulkipen publikoa gara”, adierazi du Azpiazuk. Izan ere, inbertitzaileen % 60 mota horretakoa izan da.
Jaurlaritzak bonuen % 70 nazioarteko inbertitzaileen esku utzi du, eta gainerako % 30 Euskadiko eta Espainiako inbertitzaileen artean.
Jaulkipenaren ondorengo kupoia % 1,125ekoa izan da, oinarrizko 10 puntuko spread-arekin (iaz oinarrizko 15 puntukoa izan zen).
Deigarria da nazioarteko eskaria. Horrela, interesa erakutsi duten herrialdeen artean hauek daude: Andorra, Austria, Alemania, Belgika, Korea, Zipre, Espainia, Estatu Batuak, Frantzia, Erresuma Batua, Grezia, Holanda, Italia, Liechtenstein, Luxenburgo, Monako, Norvegia, Portugal eta Suitza.
Herrialde horietatik, Andorrak, Ziprek, Estatu Batuek, Greziak, Liechtensteinek, Monakok eta finantza produktu jasangarrietan erreferentea den Norvegiako Funts Subiranoak lehen aldiz erabaki dute euskal zor publikoan inbertitzea.
Azken ezarpena hau izan da: Espainia (175,2 milioi euro); Frantzia (138,5 milioi); Alemania (107,7); Norvegia (60); Italia (32); Suitza (27,4); Herbehereak (24,8); Erresuma Batua (11,7); Hego Korea (10); eta beste 12,7 Estatu Batuak, Grezia, Andorra, Liechtenstein, Monako eta Portugal artean banatu dira.
Inbertitzaileen tipologiari dagokionez, gehienak inbertsio funtsak dira (% 47), eta horien ostean bankuak (% 33), erakunde ofizialak, Norvegiako Funts Subiranoa, besteak beste (% 12), Aseguruen sektoreko erakundeak (% 7) eta, neurri txikiagoan, pentsio funtsak, banku zentralak eta enpresa pribatuak (%1) daude.
Iaz, Eusko Jaurlaritzak jaso zuen eskariak hirukoiztu egin zuen Euskadi Bonu Jasangarriaren eskaintza. Inbertitzaileek 1.583 milioi eskatu zituzten, eta eskaintza 500 milioi eurokoa izan zen.