Ekonomia -

finantza-jarduerak

Jaurlaritzak bigarren urtez jaulkiko du 'bonu jasangarria', 600 milioiko balioarekin

2018ko lehenengo jaulkipena baino 100 milioi euro gehiagokoa izango da. Jaulkipena aurreratu egin da merkatuen "egoera oso ona" ikusita.

Presentación hoy del Bono Sostenible. Foto: Irekia
Acto de presentación del Bono Sostenible
Presentación hoy del Bono Sostenible. Foto: Irekia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak 'Euskadi Bonu Jasangarria' jaulkiko duela iragarri du astelehen honetan, bigarren urtez jarraian, 600 milioi euroko balioarekin, iaz jaulki zuena baino 100 milioi euro gehiago, eta baldintzek gomendatzen dutenean merkaturatuko dute.

Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak, Alberto Alberdi Ekonomia, Finantza eta Aurrekontu sailburuordeak eta Javier Arnaez Finantza zuzendariak Gasteizen aurkeztu dute jaulkipena.

Oraingo honetan, Jaurlaritzak bilerak izango ditu gaur, bideo-konferentzia bitartez, inbertitzaile posibleekin, eta Bonu Jasangarria, baldintzek horrela gomendatzen dutenean, zabalduko da merkatuetara.

Aurten jaulkipena aurreratu dutela azaldu du Alberto Alberdik, merkatuetan "baldintza oso onak baitaude", eta, egoera hori aldatzen ez bada, jaulkipena "ahalik eta arinen egingo dugu".

"Apirilean eta maiatzean izango diren hauteskundeak eragin berezia izan dezakete merkatuetan. Hori dela eta, jaulkipena aurreratzea erabaki dugu", esan du.

2018an finantza produktu horrek jaso zuen harrera bikaina ikusita, Jaurlaritzak merkatu berriak aztertu ditu, Herbehereak, adibidez, eta erakunde gehiago ere sartu dira partaidetzan, La Caixa eta Banco Sabadell, besteak beste.

"Eusko Jaurlaritzak aurrera jarraitzen du bonu iraunkorren merkatuaren garapenean leku garrantzitsua betetzeko helburu sendoarekin, finantzaketa arduratsua eta eraginkorra sustatuz, ingurumen, ekonomia eta gizarte arloetan Euskadik dituen erronkei erantzun ahal izateko", adierazi du.

Aurten, BBVA, Credit Agricole CIB, HSBC, Norbolsa, Banco Santander, La Caixa eta Sabadell erakundeek bideratuko dute Bonu Jasangarria.

Finantzatu beharreko programen % 83 gizarte arloko proiektuak izango dira, eta gainerako % 17a ingurumen arloko programak.

Finantzatu beharreko programen aukeraketa Eusko Jaurlaritzako Iraunkortasuneko Bonuen Batzordeak egiten du. Batzordean, Ogasun eta Ekonomia Saileko lau ordezkari eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko, Enplegu eta Gizarte Politika Saileko, Osasun Saileko eta Hezkuntza Saileko ordezkari bana izango dira.

Finantzaketa horretatik kanpo geratzen dira langileen gastuak, finantza kostuak, kontingentzietarako funtsak eta finantza aktiboak eta pasiboak.

Euskal zor publikoa

Joan den astean, Eusko Jaurlaritzak 150 milioi euroko ezarpen pribatua egin zuen 30 urtera, % 2,35ean. Alemaniako eta Espainiako sei inbertitzailek banatu dute ezarpen hori, eta Alemaniak 87,3 hartu du bere gain. Kopuru osoaren % 90,7 aseguru-etxeek eta pentsio funtsek eskuratu dute, eta gainerako % 9,3a inbertitzaile pribatuek.

Eusko Jaurlaritzak 9.134 milioi euroko zorrarekin itxi zuen 2018a, hau da, % 13,6ko zorpetzearekin. Hori dela eta, Euskadi Estatu osoan zor txikiena duen erkidegoa da; izan ere, batezbesteko zorpetzea % 24,3koa da.

2019rako aurrekontuen egonkortasun helburuak betetzeko Euskadiri dagokion helburua % 13,8ko zorpetzea da, eta 2020rako % 13,2koa. Datuak ikusita, Eusko Jaurlaritza argi eta zorrotz ari da bere helburuak betetzen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Hauteskunde orokorrak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Udal eta foru hauteskundeak 2023 Dirulaguntzak Euskadin