Ekonomia -

Profila

Mitxel Lakuntza, Gamesan hasi zen harrobiko sindikalista

Elektronika teknikaria da. Bokazioa aitarengandik datorkio, argiketaria baitzen. 1999az geroztik ELAko afiliatua da. Orduan Gamesako langilea zen, eta bertan beharginen ordezkari ere izan zen.

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia. Argazkia: EFE/Javier Etxezarreta
Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia. Argazkia: EFE/Javier Etxezarreta
Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia. Argazkia: EFE/Javier Etxezarreta

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mitxel Lakuntza nafarrak ELA sindikatuaren buruzagitza hartu du, euskal sindikatuaren nagusitasuna mantentzeko erronkarekin. ELAk 100.000 afiliatu baino gehiago ditu egun. Lakuntza elektronikaria da, Gamesan hasi zen lanean, eta borroka sindikalean oinarritik trebatu da.

Lakuntza Vicario (Iruñea, 1976) orain arte sindikatu abertzalearen arduraduna zen Nafarroan. Orain Adolfo Txiki Muñozen lekua hartu du, eta ELAko bosgarren idazkari nagusia da. Muñozek kargua adinagatik utzi du, 60 urte baititu.

42 urteko nafarra elektronika teknikaria da. Bokazioa aitarengandik datorkio, argiketaria baitzen. 1999az geroztik ELAko afiliatua da. Orduan Gamesako langilea zen, eta bertan beharginen ordezkari ere izan zen.

2001ean sindikatuaren egituran sartu zen. Orduz geroztik erantzukizun ezberdinak izan ditu. Azken 14 urteetan zuzendaritza batzordeko kidea izan da. Bestalde, Amaia Muñoa idazkari nagusiaren ondokoa izango da, karguan errepikatuz.

Lakuntza feminista eta euskalduna da. Baikortasuna bere bertuteetako bat dela dio, eta “pazientziarik eza” bere gabezietako bat dela onartzen du.

Lizarra Garaziko akordioa azpimarratzeko gertakari historikoetako bat dela uste du harrobiko sindikalistak. Maiatzaren Lehena Iruñea jaioterrian ospatu izanarekin ametsa bete duela aitortu du Lakuntzak.

Prekarietatearen eta lan istripuen aurkako borroka helburu ditu Mitxel Lakuntzak. Azken hilabeteetan Iñigo Urkulluren Gobernuarekin desadostasun sakonak izan ditu ELAk, eta LABekin harremanak ez dira unerik goxoenean.

Era berean, Lakuntzak Nafarroako Exekutiboa kritikatu du sare sozialetan, konkretuki Twitter sare sozialean. Foru Erkidegoan euskararen ofizialtasuna aldarrikatzen du, eta protesta sindikal zein politikoak babesten ditu, grebak esaterako. Altsasuko gazte zigortuen aldeko elkartasun martxetan parte hartu du.

Mendizalea, zinema eta musika jarraitzaile porrokatua, gaztaroan “ia astero kontzertu” bat ikustera joaten zen. Eduardo Galeanoren Las venas abiertas de America Latina liburua oso gustuko du, Fabian Bielinskyren Nueve reinas filma eta Su ta Garren 'Jaiotze basatia' diskoa.

Rosa Luxemburgo teoriko marxista poloniarra pertsonaia historiko kuttunenetarikoa du Mitxel Lakuntzak. Fikzioko pertsonaia bezala, Breaking Bad telesail arrakastatsuko Walter White irakaslearen alde egiten du ELAko buruzagiak.

Lakuntza ELA zuzentzen duen aurreneko nafarra da. Pirinioak galtzeko txokorik onena du, eta Iruñea bizitzeko lekurik onena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika ELA Multinazionalak albisteak Siemens Gamesa Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak Euskal enpresak azken ordukoa