Ekonomia -
Ohiz kanpoko kongresua
Mitxel Lakuntzak 'Txiki' Muñozen lekukoa hartu eta greben indarra azpimarratu du
Mitxel Lakuntza izango da ELAko idazkari nagusi berria, sindikatuko ordezkarien % 95ak babesa eman ostean.
eitb.eus
Mitxel Lakuntza ELAren idazkari nagusi berriak grebaren baliagarritasuna azpimarratu du "prekarietateari aurre egiteko ezinbesteko" tresna gisa, euskal sindikatuaren buruzagitza hartu duenetik eman duen lehenengo hitzaldian.
"Etorkizunean greba gehiago izatea espero dugu", adierazi du Lakuntzak ELAko kideek ia aho batez (%95,02) bere izendapena babestu duten aparteko kongresuan, Donostiako Kursaalen.
Orain arte sindikatuaren Nafarroako adarraz arduratu den sindikalistak Adolfo 'Txiki' Muñozen lekua hartu du; honek, hamar urte eman ditu ELAren buruzagitzan.
Erreleboa irudikatzeko besarkada handia eman dute Kursaaleko eszenario gainean, idazkari nagusiak "LABekin estrategia partekatzea gustatuko" litzaiokeela aitortu aurretik, nahiz eta "agerikoa den gaur egun ezinezkoa" dela.
"Oinarri zehatzen inguruan partekatu behar ditugu helburuak, esaterako grebaren eta sindikatuen autonomiaren garrantzia". "Aliantzen osasuna neurtu nahi bada, grebak begiratu behar dira". "Seinale onena grebak elkar hartuta egiten ditugula ikustea izango litzateke", azpimarratu du.
Lakuntzak esan du prekarietatearen aurkako "greba luzeetarako" prest egon behar dela, eta horretarako "ELAren erresistentzia kutxak ordaintzen dituen 1.100 euroak sindikatu batek egin dezakeen inbertsio onena" direla.
Arlo politikoari dagokionez, Lakuntzak uste du beharrezkoa dela "prozesu soberanista" hastea, hiru ideia nagusiren gainean. Horietako lehenengoa hau omen da: Estatuarekin aldebikotasuna "EAJren asmakizuna" dela, eta "soilik zuhurtzia neurriak inposatzeko" balio duen fikzioa dela.
Bigarren premisa da Estatuak "batasuna lehenesten duela demokraziaren aurretik", eta "ideologikoki kutsatuta dauden estamentuak" dituela, tartean sistema judiziala, "errepresioaren abangoardia gisa erabiltzen" dena.
Lakuntzak bere aurrekoaren bideari jarraitu dio Iñigo Urkulluren Jaurlaritza kritikatzeko garaian, eta esan du "harrokeria sobera eta izaera demokratiko falta" duela, eta "elkarrizketa sozialerako mahaia iruzurra" dela.
"Agur errebeldea"
Adolfo 'Txiki' Muñoz ELAko idazkari nagusiak agur esan dio sindikatuaren agintaritzari "agur errebelde" batekin, ostiral honetan Donostiako Kursaal jauregian sindikatuak egin duen ohiz kanpoko kongresuan. Muñozek "bezeroen menpeko harremanak onartzen ez dituen sindikalismo aldarrikatzailea" babestu du.
ELAko idazkari nagusi gisa egin duen azken hitzaldia izan da. Adin kontuak medio, eta sindikatuaren araudiak aginduta, orain arte idazkari nagusia izan den Adolfo 'Txiki' Muñozek bere ardurak utzi behar izan ditu.
Muñozen hitzetan, "ohorea" izan da sindikatuaren idazkari nagusia izatea, eta "etorkizun bikaina" opa dio bere ondorengoari.
"Kopuruei dagokionez hazteaz gain, jarrera ideologikoan ere hazi da ELA, eta dena hutsala den garai hauetan erabateko garrantzia dauka horrek", esan du.
Euskal Herriaren "subiranotasuna" aldarrikatzeko bidean, ELA sendo mantentzen dela adierazi du, eta baita "menpekotasunik gabeko gizarte eredu alternatibo bat" defendatzeko orduan ere.
Sindikatuan bizi duten "barne kohesioa" azpimarratzeaz gain, militantzia ere goraipatu du, eta "sindikatuen arteko aliantzak" babestu ditu, "botereari aurre egiteko eta borrokarako beharrezkoak baitira"
Muñozen ustez, aliantza horien sendotzea izan da "seguru asko" ELAren "ahultasun nagusia", horretan "saiatu" baita behin eta berriro, eta ez du "etsiko" lan horretan.
Bestalde, sindikalismo aldarrikatzaile eta autonomoaren alde egin du Muñozek; izan ere, "langileen interesak ez dira bigarren mailakoak". Horren harira, neoliberalismoa "gutxietsi behar ez den etsai suntsikorra da", erantsi du.
Txikiren azken hitzak "Katalunian preso dauden politiko independentistentzat, ETAko presoentzat, eta Altsasuko gazteentzat" izan dira.
ELAko idazkari nagusi berria, % 95eko babesarekin
Guztira, Batzorde Eragile berriaren proposamenak aldeko 668 boto izan ditu (% 95,02); kontrako botoak 27 (% 3,84) izan dira; bestalde, 8 boto zuri izan dira, baina ez da baliorik gabeko botorik egon.
"Jendea antolatzea baino gauza iraultzaileagorik ez dagoela" azpimarratu du Mitxel Lakuntzak idazkari nagusi gisan egindako lehen hitzaldian.
ELAko konpromisarioek zutik jaso dituzte ohiz kanpoko kongresuan egin den bozketaren emaitzak, "Jo ta ke, irabazi arte" esanez.
Batzorde eragile berria honela geratzen da: Mitxel Lakuntza, Amaia Muñoa, Amaia Aierbe, Xabi Anza, Maialen Aranburu, Iván Giménez, Laura González de Txabarri, Pello Igeregi, Mikel Noval, Leire Txakartegi, Eustakio Uranga eta Joseba Villarreal.