Ekonomia -
WindEurope 2019
WindEurope 2019 azokaren 'arrakasta' nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak
Tapiaren hitzetan, "garrantzi berezia" dute halako azokek, "enpresa parte-hartzaileak posizionatzen eta ezagutzera ematen ari direlako".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
WindEurope Conference & Exhibition 2019 azokaren balorazio positiboa egin du Arantza Tapia Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburuak, eta ez du baztertu Euskadik ekitaldi honen beste edizio bat hartzea. "Arrakastatsua izan da bertaratutakoen kopuruari, hitzaldien mailari eta izan diren erakusketariei dagokienez", esan du Tapiak.
Giles Dickson WindEurope 2019ko idazkariarekin batera, agerraldia egin du sailburuak, gaur eguerdian, Barakaldon, azokaren balantzea egiteko. Asteartetik gaur arte industria eolikoaren azken berrikuntzak erakutsi dituzte BEC erakustazokan; 50 herrialdetako 7.000 profesional baino gehiagok hartu dute parte.
Energia eolikoaren sektorean mundu mailan urtero egiten den azokarik garrantzitsuenetako da WindEurope: urte bikoitietan Hanburgok hartzen du, eta bakoitietan herrialdez herrialde txandatuz joaten da
Tapiaren hitzetan, "garrantzi berezia" dute halako azokek, "enpresa parte-hartzaileak posizionatzen eta ezagutzera ematen ari direlako". "Ekonomia moteltzen ari da, baina Euskadiko industriak hazten jarraitzen du, enplegua sortzen jarraitzen du, eta bide horretatik jarraitu behar dugu", zehaztu du.
Zentzu horretan, sailburuak nabarmendu du "berrikuntzak, lehiakortasunak eta produktu eta zerbitzu berrien sorkuntzak gizarte berdinago eta orekatuago bat izateko aukera" ematen dutela.
Dicksonek ere balorazio positiboa egin du, eta Europako industria eolikoaren zita garrantzitsu hau Euskadira ekartzea "esperientzia oso ona" izan dela nabarmendu du.