Ekonomia -
Lan gatazka
Ikasturteko 22. greba eguna egin dute itunpeko ikastetxeek aurrerapausorik gabe
Aurreikusitakoaren arabera, maiatzaren 8an eta 9ran izango dira hurrengo lanuzteak.
Agentziak | Erredakzioa
Gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetako ehunka langilek manifestazioa egin dute Bilbon, aste honetarako sindikatuek deitutako laugarren eta aste honetako azken greba egunean.
Miren Zubizarreta ELAko ordezkariaren hitzetan, lan gatazkak "hezkuntza sektorearen ia erdiari eragiten dio, eta logikoa da, beraz, Hezkuntza Sailak arazoan konpromisoa hartzea".
ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuen arabera, "gatazkari behar bezalako irtenbidea emateko aradura dutenen teilatuan dago pilota"; patronalaren eta Hezkuntza Sailaren "eskuetan dago gatazkari irtenbidea ematea", esan du Zubizarretak.
Horrenbestez, beren erantzukizuna betetzera eta irtenbide baten alde lan egitera deitu die, langileen aldarrikapenei erantzuna emateko. Sindikatuak negoziatzen jarraitzeko "erabat" prest daudela esan du ELAko ordezkariak.
Jada 25 greba egun izan dituzte itunpeko ikastetxeetan azken bi ikasturteotan; horietatik, 22 aurtengoan. Aurreikusitakoaren arabera, maiatzaren 8an eta 9ran izango dira hurrengo lanuzteak.
Lanuzteen jarraipena ezberdina izan da, patronalaren eta sindikatuen arabera.
Sindikatuen esanetan, aurrekoetan bezala, jarraipen "handia" izan du gaurko lanuzteak, % 55 ingurukoa. Sindikatuek langileak zoriondu dituzte horrenbeste greba egunen ostean borrokan jarraitzeagatik, "presio handia jasaten ari baitira ikastetxeetatik".
Kristau Eskola patronalaren arabera, berriz, jarraipena % 16 ingurukoa izan da ostegun honetan.