Ekonomia -

Errenta aitorpena

Abian da errenta aitorpenaren kanpaina Nafarroan

Kanpainarekin kolaboratu duten erakundeetan eta Ogasunaren bulegoetan aurrez aurreko aitorpenak egiteko epea apirilaren 12an irekiko dute. Internet bidezko aukera, berriz, zabalik dago jada.

Abian da errenta aitorpenaren kanpaina Nafarroan. EiTBren artxiboko irudia
Abian da errenta aitorpenaren kanpaina Nafarroan
Abian da errenta aitorpenaren kanpaina Nafarroan. EiTBren artxiboko irudia

AGENCIAS | REDACCIÓN

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Zerga Agentziak ostegun honetan abiatu du 2018ari dagokion errenta aitorpenaren kanpaina. Guztira, 198.782 proposamen bidali dituzte aurten. Horrek esan nahi du 254.527 lagunek jaso dutela errenta aitorpena etxean; hots, zergadunen erdiak. Gainera, gaur bertan ireki dute Internet bidezko aukera.

Mikel Aranburu Ogasun eta Finantza Politikako kontseilariak prentsaurreko batean adierazi du apirilaren 12an zabalduko dutela kanpainarekin kolaboratu duten erakundeetan eta Ogasunaren bulegoetan aurrez aurreko aitorpenak egiteko epea. Horretarako, hilaren 10etik aurrera txanda eskatu beharko dute zergadunek.

"Zuk posible egiten duzu. Eskerrak zuri" leloa duen kanpaina ekainaren 24ra arte egongo da zabalik, Aranburuk esan duenez. Azken honek nabarmendu du sekulako esfortzua egin dutela "kanpainaren hasieran errenta aitorpena etxean jasotzen duten zergadunen kopurua handiagoa izan dadin".

Horretarako, alegia, proposamena etxean jasoko duten ala ez jakiteko, www.graciasti.info webgunera jo ahal izango dute nafarrek. Gainera, askok apirilaren 9tik aurrera etxean jasoko dute aitorpena.

Aurreikusitakoaren arabera, itzuli beharreko dirua apirilaren 11tik aurrera sartuko dute zergadunen kontuan. Zehazki, bidalitako 198.782 proposamenetatik % 57k dirua jasoko dute bueltan; 65,74 milioi euro, guztira.

Proposamenen % 34, berriz, ordaindu beharrekoak izango dira. Horrek esan nahi du 54,9 milioi jasoko dituela Ogasunak.

Aurreko kanpainetan bezala, pixkanaka itzuliko dute aitorpenen dirua. Gehienek kanpaina bukaeran jasoko dute diru hori, nahiz eta 2019ko abenduaren 24ra arte luza daitekeen epea. Ordainketak, aldiz, uztailaren 4an eta azaroaren 20ean egingo dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Errenta aitorpena Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Zergak gaur