Ekonomia -

Gatazka itunpeko ikastetxeetan

Kristau Eskola eta Jaurlaritza ez dira Lan Harremanen Kontseiluko bilerara joan

Hiru aldeek bilera egin behar zuten Lan Harremanen Kontseiluan, baina sindikatuak soilik agertu dira. Patronala eta Hezkuntza Saila arduragabekeriaz jokatzen ari direla salatu dute sindikatuek.

Itunpeko ikastetxeetako sindikatuetako ordezkariak, bileran bakarrik. Argazkia: EFE
Itunpeko ikastetxeetako sindikatuetako ordezkariak, bileran bakarrik.
Itunpeko ikastetxeetako sindikatuetako ordezkariak, bileran bakarrik. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Itunpeko ikastetxeetako sindikatuek deituta, gaur arratsaldean bilera egin behar zuten Lan Harremanen Kontseiluan, baina Kristau Eskola eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak ez dira bertaratu eta, ondorioz, batzarra bertan geratu da.

ELA, Steilas, LAB, CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariak soilik joan dira Lan Harremanen Kontseiluak Bilbon duen egoitzara. Bileran parte-hartzeari uko eginda, patronala eta Hezkuntza Saila "arduragabekeria larriaz" jokatzen ari direla salatu dute.

Atzo, negoziazio mahaira bueltatzeko sindikatuek greba bertan behera utzi behar zutela ohartarazi zuen Kristau Eskolak. Halaber, bilera Lan Harremanen Kontseiluan egitea "gizartea nahasteko maniobra bat" baino ez zela kritikatu zuen.

Bestalde, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak eguerdian iragarri du batzar horretara Hezkuntza Saileko ordezkaririk joango ez zela, patronala bertan egongo ez bada, zentzurik ez duela iritzita.

Miren Zubizarreta ELAko ordezkariak berretsi egin du sindikatuek akordio batera heltzeko eta grebari amaiera emateko borondatea dutela, baina patronalak eta Hezkuntza Sailak helburu bera ez dutela salatu du. "Hitzez gauza bat esaten dute, eta gero beste bat egin", azpimarratu du.

Gaurko bilerara joan ez izana "oso larria" dela, Eusko Jaurlaritzak lan-gatazka honetan ardura duela, baina "Kristau Eskolaren jarrerari esker" auzi honetan esku hartzea saihesten ari dela salatu du.

Horrez gain, azkenaldian patronalak eta Hezkuntza Sailak egindako planteamenduetan "atzerapausoak" izan direla gogoratu du.

Gauzak horrela, sindikatuek grebaren bideari heltzea beste aukerarik izan ez dutela erantsi du.

Beste greba egun bat

Testuinguru honetan, beste greba egun bat burutu dute itunpeko ikastetxeetan astearte honetan. Sindikatuen arabera, jarraipena ia erabatekoa izan da; Kristau Eskolak zabaldutako datuen arabera, berriz, langileen % 51ak egin dute lanuztea.

Grebak 100.000 ikasle baino gehiagorengan izan du eragina. Ildo horretan, Zubizarretak ziurtatu du sindikatuek gurasoen kezka ulertzen dutela, baina erantsi du bere aldarrikapenek epe ertainean hezkuntzaren kalitatea hobetzea ekarriko dutela.

Lan-hitzarmen berria negoziatzea exijitzeko mobilizazioen baitan, asteazken eta ostegun honetan ere grebara joko dute langileek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza albisteak Eusko Langileen Alkartasuna Langile Abertzaleen Batzordeak Grebak albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Lana albisteak Hezkuntza sistemako albisteak Sindikatuak Ekonomia Albisteak Gaur Eguneko albisteak Langile Komisioak azken ordukoa UGT Langileen Batasun Orokorra Lan gatazkak