Ekonomia -

Itunpeko ikastetxeak

Sindikatuen arabera, jarraipena % 55-60koa izan da; patronalaren ahotan, % 20koa

Eguerdian manifestazioa egin dute langileek hitzarmen berria eskatzeko. Bihar bilera egingo dute aldeek Lan Harremanen Kontseiluan.

Eguerdian Bilbon egin duten manifestazioaren une bat. Argazkia: @ELAhezkuntza
Eguerdian Bilbon egin duten manifestazioa.
Gizarte ekimeneko ikastetxeetako langileen manifestazioa, Bilbon

1:26

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Apirilaren 4ra arte deitutako lau greba egunetatik aurrenekoak “% 55-60ko” jarraipena izan du, sindikatuen arabera. Patronalak, ostera, % 20koa izan dela esan du.

Miren Zubizarreta sindikatu deitzaileen bozeramaileak adierazi duenez, asteartean Lan Harremanen Kontseiluan (LHK), Bilbon, egin beharreko bilerara Hezkuntza Saila ez joatea “onartezina” eta “erabateko arduragabekeria” izango litzateke.

Bilbon manifestazioa hasi baino minutu batzuk lehenago adierazpenak egin ditu ELAko ordezkariak. Apirilaren 1etik 4ra lau greba egun deitu dituzte sindikatuek sektorean. Aurreneko greba egunaren jarraipena “% 55-60koa” izan dela azaldu dute sindikatuek; martxoan egindakoekin alderatuta, jarraipen apur bat txikiagoa.

Jarraipena antzekoa izan da, baina aurrekoetan baino zertxobait txikiagoa, Zubizarretak zehaztu duenez. Sindikatuetako ordezkariaren ahotan, jarraipena “ikastetxeetan dagoen nahigabearen isla da”.

Lan Harremanen Kontseiluan, asteartean biltzeko deialdia “iritzi publikoa nahasteko maniobra bat da”, kritikatu du Kristau Eskolak. “Negoziazioaren bidera itzultzea” eskatu du patronalak. Horretarako, aldez aurretik grebak “berehala” bertan behera uztea “behar beharrezkoa” dela uste du. Era berean, “itunpeko sarearen errealitatea onartzea” eskatu du.

Bestalde, grebaren jarraipena % 20koa izan dela esan du Kristau Eskolak. Patronalaren ahotan, 8.133 langiletik 1.650ek egin dute greba. Lurraldeka, lanuzteak jarraipen handiena Gipuzkoan izan du (% 43,3), ondoren Bizkaian (% 22,22) eta Araban (% 17,64).

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetan aste honetan deituta dauden lau greba egunetako lehenengoa izan dute gaur.

Astelehenetik ostegunera, 250 ikastetxetako 9.000 langile inguru greba egitera deitu dituzte ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek. 100.000 ikasle inguruk ikasten dute bertan. EAEko itunpeko ikastetxeen % 70 dira (ikastolak kanpo). Lau greba egun horiekin batera, beste bi daude antolatuta maiatzerako (8 eta 9). Urteak berritu gabe eman dituen hitzarmen berria eskatzen dute langileek.

Eguerdian Bilbon egin duten manifestazioa hasi baino minutu batzuk lehenago, langileak zoriondu ditu Miren Zubizarreta ELAko bozeramaileak, 22. greba egun honetan (joan den ikasturtekoak ere zenbatuta) izandako "jarraipen oso zabala" dela eta.

Momentuz, sindikatuak eta patronala akordiotik urrun daude. Jarrerak hurbildu nahian sindikatuek bihar, asteartea, bilerara deitu dituzte patronala eta Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua Lan Harremanen Kontseiluan, 16:00etan.

Itunpeko ikastetxeetako gatazkaren "gakoak" agiri batean bildu dituzte sindikatuek.

Asteburuan, kaltetutako ikasleen gurasoek manifestazioa egin zuten Bilbon, konponbide bat eskatzeko.

Bestalde, gaur greba egitera deitu dituzten langileek egingo dute manifestazioa Bilbon, ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek deituta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
ELA albisteak LAB Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Ekonomia 2024 Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Hezkuntza Sindikatuak Espainian Langile Komisioak UGT albisteak Lan gatazkak albisteak gaur