Ekonomia -
Manifestazioa Bilbon
Itunpeko zentroetako familiek LHKra joateko eskatu diete patronalari eta Hezkuntzari
ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek ostiralean iragarri zuten Lan Harremanen Kontseiluarekin (LHK) bilduko direla, negoziazioan aurrera egin ahal izateko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
¿Gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetako ikasleen gurasoek Lan Harremanen Kontseiluarekin (LHK) hitzartutako bilerara joatea exijitu diete Kristau Eskolari eta Hezkuntza Sailari, larunbat honetan.
Guztira, 2.000 lagun bildu dira Bilbon egindako manifestazioan, lan gatazka horrekin “kokoteraino” daudela adierazteko, eta patronalei eta Hezkuntza Sailari sindikatuek astelehenerako deitutako hitzordura joan daitezela eskatzeko. Modu horretan, “negoziatzen hasiko dira eta aurrera egingo dute”, esan dute gaurko manifestazioan.
“Elkarrizketa abiatzea eta akordio batera iristea espero dugu”, adierazi du Izaskun Fernandez bozeramaileak Jesusen Bihotza plazatik abiatu den manifestazioaren atarian.
“Ezin dugu gehiago, oso haserre eta nahigabetuta gaude, dagoeneko 24 greba egun egin dituztelako. Gainera, apirilerako eta maiatzaren 8rako eta 9rako beste hainbat lanuzte deitu dituzte”, azaldu du.
Fernandezen esanetan, hiru aldeak, alegia Hezkuntza Sailak, patronalak eta sindikatuak, dira lan gatazka honen erantzule, nahiz eta Jaurlaritza den “matrikulen edota ordutegien” erantzule.
BIDEOA: Familien kezkekin bat egiten duela dio Kristau Eskolako zuzendariak
Itunpeko ikastetxeetan ordezkaritza duten sindikatuek (ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT) ostiralean iragarri zuten LHKrekin bilduko zirela, “negoziazioa bideratzeko eta langileen aldarrikapenei erantzun bat eman ahal izateko”.
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuaren azken adierazpenei dagokienez, gurasoen ordezkariek nabarmendu dute sindikatuek argi utzi dutela ez doazela itunpeko hezkuntzaren aurka. Hala eta guztiz ere, arduratuta agertu dira ikastetxe horien etorkizunaz.
“Ezin da onartu hainbeste greba egotea. Alde batetik, langileek grebarako eskubidea dute, hori ulertzen dugu, baina gure seme-alabek ikasteko eskubidea daukate, eta hori ere oinarrizko eskubide bat da. Beraz, aintzat hartu beharko lukete”, salatu dute.