Ekonomia -
Emaitza ekonomikoak
Bilboko Portuak dagoeneko lortu du 2020rako aurreikusitako zirkulazio-maila
35,6 milioi tona mugitu zituen, baina 2022 urterako jarritako 37,5 milioi tona helburuari eusten dio oraindik ere, aurreikuspen ekonomikoak kontuan hartuta.
Agentziak | Erredakzioa
Bilboko Portuak 35,6 milioi tona mugitu zituen 2018an eta, hortaz, Bilboko Portuko Agintaritzak 2018-2022 Plan Estrategikoan 2020rako aurreikusitako zirkulazio-maila erdietsi du.
Hala ere, 2022 urterako jarritako 37,5 milioi tona helburuari eusten dio oraindik ere, aurreikuspen makroekonomiko negatiboak kontuan hartuta.
Ekitaldiaren lehen urteko emaitzak eta hurrengo ekitaldietarako aurreikuspenak aurkeztean, Ricardo Barkala erakundeko presidenteak azpimarratu du lortutako helburuen artean zirkulazioaren hazkundea eta merkatu-kuotaren berreskuratzea (trafiko energetikorik gabe) nabarmendu behar direla, bai hinterlandean (300 kilometroko erradioa), bai foreland estrategikoan (Europa atlantikoa).
2018an, zehazki, Bilboko Portuak 35,6 milioi tona mugitu zituen, aurrez zehaztutakoa baino hazkunde handiagoarekin (+% 4), eta errekorra lortu zuen edukiontzien eta bidaiarien zirkulazioan.
Hazkunde horri esker, 2020rako aurreikusitako zirkulazioetara iritsi da. Hala ere, estatuko eta nazioarteko aurreikuspen makroekonomikoak kontuan hartuta, planean finkatutako helburuari eustea erabaki du Portuko Agintaritzak: 37,5 milioi tonara iristea 2022an.
2019rako aurreikuspen ekonomikoen artean, merkantzien zirkulazioa % 1,5 eta 2,5 artean haztea espero dutela esan du Barkalak, 36 edo 36,5 milioi tonararte. Fakturazioaren harira, 67,6 milioi euro lortzea espero dute.
Barkalaren esanetan, Bilboko Portua nagusi da Bizkaiko Golkoan; atzetik, Nantesekoa dago, 32,5 milioi tonarekin. Gainera, karga gehien jasotzen duen portua da; Gijonekoak, esaterako, Espainiako bigarren postuan dago, 19,6 milioi tonarekin.
Espainiako Portuen artean, Bilbokoa nagusi da inportazio eta esportazioetan.
Obrei dagokienez, Barkalak azpimarratu du plangintza betetzen ari dela eta aurten bertan amaituko dela erdialdeko kai nagusiaren lehen fasea; lan horien ondorioz, 334.000 metro karratu berri izango dira, eta kilometro bateko atrakatze-lerro bat, hiru fasetan urbanizatuko dena. Lurzoruaren okupazio-maila % 87 baino handiagoa da jada —Espainiako portuetako mailarik altuenetakoa—, eta 2019a amaitzerako % 89koa izatea espero da; 2020an, azalera berria martxan jarrita, % 83ra jaitsiko da.
Plan Estrategikoaren lehen urte honetan intermodalitatea ere hobetu egin dela azaldu du Barkalak. Portuko trenbide-trafikoa % 12 hazi da azken urtean, % 65 azken sei urteetan, eta hazten jarraitzeko oinarriak jarri dira.
Hegoaldeko Tren Saihesbidearen harira
Hegoaldeko Tren Saihesbidearen harira, Bilboko Portuarentat "beharrezkoa dela" esan du Barkalak, eta, datozen egunotan azpiegituraren ikerketa informatiboa Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dela aurreratu du; hortaz, "atzeraezintasun" fasean sartuko da.