Ekonomia -
Gipuzkoako Aldundia
19 plaza berri hitzartu dituzte Gipuzkoako adinekoentzako egoitza zentroetan
Oiartzun, Errenteria, Donostia, Irun, Aretxabaleta eta Hondarribian zabalduko dira apirilaren 1etik aurrera.
Agentziak | Erredakzioa
Mendetasun-egoerek eragindako beharrizanei aurrea hartu eta erantzuteko zerbitzuak eskaintzeko zenbait entitaterekin sinatutako lankidetza hitzarmenak eta kontratu-programak indartzea onartu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak, hitzartutako plazen kopurua handitze aldera.
Imanol Lasa foru bozeramaileak zehaztu duenez, sei entitaterekin 19 plaza berri hitzartuko dira adinekoentzako egoitza zentroetan, 2019an 236.598,01 euroko inbertsio gehigarri batekin.
Hori horrela, 3 plaza berri eskainiko dira Errenterian (Sanmarkosene), 4 Oiartzunen (Petra Lekuona), 6 Donostian (3 Lamorous eta 3 Villa Sacramento egoitzetan), 2 Irunen (Inmaculada GSR), 2 Aretxabaletan (Debagoiena) eta 2 Hondarribian (Betharram). Horiek guztiak aurtengo apirilaren 1ean sartuko dira indarrean, Lamorous egoitzako hirurak izan ezik –urriaren 1a da data horientzat-.
Zerbitzu horien eskatzaileen lurraldeko hainbat eskualdetan dagoen itxaron zerrendari erantzuten jarraitzea da erabakiaren xedea. Lasak gogorarazi duenez, 2031. urterako 55 urte baino gehiago duten pertsonak biztanlego osoaren ia erdia izango dira.
"Erronka horrek exijitzen du epe motzean neurriak hartzea, gaurkoa bezalakoa, baina baita epe ertainean eta luzean ere. Aukera bezala ikusi behar dugu, eta ikerketaren eta berrikuntzaren aldeko apustua egin", adierazi du, Adinberri estrategia aipatuz.
Halaber, Casa Hermanas Hospitalarias Aita Menni erakundearekin sinatutako lankidetza hitzarmena 37.689,60 euroko gastu osagarriarekin indartuko du Aldundiak, laguntza psikosozial komunitarioko programan hitzartutako plazen kopurua 10 plazatan gehitzeko, aurtengo apirilaren 1etik aurrera. Egungo eskaintza bikoiztea ekarriko du erabakiak. Buruko gaixotasuna duten pertsonentzako arreta zerbitzuak ematen dituzten erakundeekin sinatutako lankidetza hitzarmenetako bat da hori.