Ekonomia -
Abiadura handiko trena
AHT Gasteizera heltzeko ikerketa azkartzeko eskatu dio Urkulluk Espainiako Gobernuari
Lehendakariaren esanetan, hiria eta euskal erakundeek "gehiegi itxaron dute" Abiadura Handiko Trena Gasteizera heltzeko.
Agentziak | erredakzioa
Abiadura handiko trena Gasteizera heltzeko abian den ikerketa informatiboaren epeen gaurkotzea "azkartzeko" eskatu dio Iñigo Urkullu lehendakariak Espainiako Sustapen Ministerioari, ikerketa hori abiatzeko epea ekainean bukatzen baita.
Urkullu Gasteizen izan da asteazken honetan, Michelin Hirien Nazioarteko Sarearen II. Kongresuari hasiera ematen; bertan, 150 kongresista eta 15 herritako 26 ordezkari, besteak beste, 17 alkate izan dira, hiri eraginkorragoak lortzeko helburu berrien jorraketan lan egiteko.
Urkulluk Gasteizko industria eta azpiegiturak azpimarratu ditu, eta, horren harira, AHT Gasteizera heltzeko hiriak berak, zein euskal erakundeek "gehiegi itxaron dutela" esan du. Era berean, Forondako aireportua 24 ordutan zabalik izateko premia azpimarratu du lehendakariak.
"AHT Gasteizera eramateko ikerketa informatiboaren epeak gaurkotzea eskatzen diot Sustapen Ministerioari", esan du Urkulluk.
Ikerketa hori abiatzeko epea ekainean bukatzen da. Trenbide Antolakuntzako Zuzendariordetzak Abiadura Handiko Trenaren Bilboko sarbideari eta Abandoko geltoki berriari buruz egin duen ikerketa Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean etorri a lehendakariaren eskaria.
Michelin Hirien Nazioarteko Sarearen II. Kongresua
Industriaren hazkunde-aukerak eta "gure planetarekiko konpromisoa" batzearen alde apustu egin du lehendakariak Gasteizko Europa Jauregian egin da ekitaldian. Bertan izan dira baita ere Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzalez, Gasteizko alkate Gorka Urtaran eta Clermont-Ferrandeko alkate Olivier Bianchi.
Lehendakariak azpimarratu duenez, Giza Garapen Jasangarriaren ereduarekin konprometitutako Herrialdea da Euskal Autonomia Erkidegoa.
Bestalde, Urkullun esanetan, Euskadi Basque Countryk beregain hartzen ditu Nazio Batuen Agenda 2030 eta Garapen Jasangarrirako 17 Helburuak.