Ekonomia -
Banda marroia Bizkaian
Gaixorik dauden pinuen tratamendua, herrietatik edo ur-lasterretatik 100 metrora
Oxido kuprosoaren tratamendua lurretik aplikatu ahal izateko baldintzen berri emango du Bizkaiko Aldundiak aste honetan.
Agentziak | Erredakzioa
Banda marroiaren gaixotasunak kaltetutako pinudien jabeek tratamendu kimikoa herrietatik edo ur-lasterretatik 100 metrora aplikatu ahal izango dute, Bizkaiko Foru Aldundiak jakitera eman duenez.
Oxido kuprosoaren tratamendua lurretik aplikatu ahal izateko baldintzak argitaratuko ditu Foru Gobernuak aste honetan, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean, erakundeak ohar batean aurreratu duenez.
Produktua erabiltzeko segurtasun distantziak ezarri ditu Aldundiak. Horrela, herri edo eraikin, urtegi, urmael eta hezegune ala ur-harpenen inguruan ezin izango da aplikatu, 100 metroko distantzian, hain zuzen ere.
Era berean, 10 kilometro karratu baino gehiagoko arroetan, ur-lasterren bi aldeetan, 100 metroko segurtasun distantzia ezarri du Aldundiak, tratamendua aplikatu ahal izateko.
Apirilaren 1etik uztailaren 29ra bitartean, produktua bi aldiz aplikatzeko aukera izango dute baso jabeek, 25 urtez beherako eta % 75eko hosto-galtzea duten pinudietan.
Aldundiak zehaztu duenez, aireko tratamenduan ez bezala, lurreko aplikazioa pinudien jabeek egin beharko dute, eta ez foru erakundeek. Hala ere, prozeduran praktika onak bermatu nahi ditu erakundeak.
Araudiaren arabera, gaixorik dauden pinuen jabeek hektarea bakoitzeko 1-1,6 kilo oxido kuproso erabili ahal izango dituzte, eta gehienez bi aplikazio 14-21 eguneko tartean, apirilaren 1etik uztailaren 29ra.
Tratamendua hasi baino lehen, lursailen berri eman beharko diote jabeek Nekazaritza foru zuzendaritzari.
Mendi eta Nekazaritza foru zerbitzuek, eskualdeko nekazari bulegoek, Durango, Bermeo eta Gernikako artatze bulego integralek eta Bizkaiko Baso Jabeen Elkarteak interesdunei informazioa emango diete.