Ekonomia -
Eusko Jaurlaritza
Renove plana, martxan: Ibilgailu efizienteagoak erosteko laguntzak eska daitezke
Dirulaguntza plan horren helburua da garraioan energia-kontsumoaren efizientzia areagotzen laguntzea.
Agentziak | Erredakzioa
Gauerdian sartu da indarrean ibilgailu efizienteagoak erosteko Eusko Jaurlaritzaren Renove plana. 2019ko martxoaren 1etik aurrera fakturatutako erosketentzat balioko du. Auto elektrikoak erosteko 3.000 euro arteko dirulaguntzak jasotzen ditu Renove planak eta, 2.000 euro artekoak, ostera, gasolina eta diesel ibilgailuentzat. Trukean, auto zaharra txatarrerako uztea nahitaezkoa izango da.
Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) hartuko du bere gain, oraingo honetan, garraiorako laguntzen sorta osoaren kudeaketa; guztira, 8,3 milioi euro.
Garraioaren sustapenerako laguntzen programak bi laguntza-bloke handi izango ditu aurten. Bloke horietako batean Energiaren Euskal Erakundearen laguntzak (6,2 milioi euro) daude, dela ibilgailuen Renove plana dela garraioko eraginkortasunerako planak.
Bestetik, Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioko laguntzak (2,1 milioi) daude, EEEren laguntzekin bateraezinak; Ministerioaren laguntza horien sorta bat bereizita dago, eta apirilaren 1ean irekiko da.
Energiaren Euskal Erakundeko dirulaguntza plan horren helburua da garraioan energia-kontsumoaren efizientzia areagotzen laguntzea (gutxiago kontsumitzen duten ibilgailuen bidez), eta, aldi berean, haren inpaktua gutxitzea.
Energiaren Euskal Erakundeak Euskadiko ibilgailuen atala berritu nahi du efizienteagoak diren eta, beraz, gutxiago kutsatzen duten ibilgailuen erosketa bultzatuz (elektrikoak, hibridoak, A energia-sailkapena duten gasolinako edo gasolioko autoak, eta 114 gr CO2/km-tik edo 184 gr CO2/km-tik beherako emisioak dituzten ibilgailuak, euren Baimendutako Gehieneko Masaren arabera, beste batzuen artean).
Horregatik, hain zuzen ere, efizientzia handiko ibilgailuak izango dira diruz lagunduko direnak renove plan honen bitartez. Hartara, ordeztu nahi ditu 10 urteko turismoak (M1 kategoria) eta 7 urte beteta dituzten furgonetak (N1 kategoria).2019ko martxoaren 1etik aurrera egin eta fakturatuko diren erosketak onartuko dira, atzeraeraginezko izaeraz.
Ministerioaren laguntzak, apirilean
EEEren garraio-programak sortzen ari zirela, Trantsizio Ekologikorako Ministerioak erabaki zuen autonomia erkidegoei transferitzea bere garraiorako laguntzetarako funtsak; ondorioz, autonomia erkidegoek kudeatuko dituzte laguntza horiek. EAEk duela gutxi eman zuen baimena funts horiek hartzeko, eta Espainiako Ministerioaren programak herritarren esku jarriko dituen lehenengo erkidegoa izango da.
Programa horretan ez dago gasolina eta gasolio ibilgailuentzako neurririk, baina bai ibilgailu astunentzat eta auto elektrikoentzat, entxufatu daitezkeen hibridoentzat eta autonomia zabalagokoentzat, EEEko laguntzetan bezala.
Bestalde, MOVES programak ez du atzeraeraginezko izaerarik, eta, beraz, baldintzak bete eta martxoaren 1etik apirilera bitartean erosi diren ibilgailuek EEEren laguntzak eskatu ahal izango dituzte, eta bi programak indarrean sartzen direnean, laguntza eskatu dutenek aukeratu ahal izango dute abantaila gehien dituen neurria. Horretarako, Energiaren Euskal Erakundeko langile adituen eta kontzesionarioen aholkularitza izango dute, gai horri buruzko trebakuntza jasoko baitute.
Laguntzak urriaren 31ra arte indarrean edo aurrekontua amaitu arte
2019ko garraio eta mugikortasun eraginkorrean inbertitzeko laguntzen programa indarrean egongo da martxoaren 28tik urriaren 31ra edo esleitutako aurrekontua amaitu arte, motordun ibilgailuak erosteko balioko du, hala nola ziklomotore elektrikoak, gas, hidrogeno edo argindarrarekin ibiltzen diren ibilgailu astunak (autobusak eta kamioiak) eta material mugikorrak (ekortzaileak, garbitzaileak, etab), aurreko ordezko energia horiekin mugitzen badira. Programa horrek, era berean, ordezko erregaiak sustatuko ditu, bai eta auditoriak eta azterketa energetikoak ere, eta lan arloan eta maileguzko zerbitzu publikoetan bizikleta sustatuko du.
Ibilgailu eraginkor eta alternatiboetan inbertsioak egiteko laguntzen programari dagokionez, ibilgailuen Renove lagungarria izango da ordezko energien bidez mugitzen diren eraginkortasun handiko autoak eta furgonetak erosteko, hau da, argindarraren, hidrogenoaren edo gas naturalaren bidez mugitzen direnak erosteko; dena dela, bada berrikuntza bat ere, gasolina eta gasolioa behar dituzten ibilgailuak ere sartuko baitira, goreneko eraginkortasun energetikoaren baldintza betetzen badute.
Gainera, nahitaezkoa izango da ordezkatzen duen ibilgailua txatartegira eramatea eta data horretatik aurrera egin beharko da. Txatartegira eramango den autoa laguntza eskatu duen pertsonarena izan beharko da, gutxienez 2019ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik. Gainera, ibilgailu horrek hamar urte edo gehiagoko antzinatasun probatua izan beharko du autoa baldin bada eta zazpi urtekoa furgoneta bada; eta ibilgailuaren lehenengo matrikulazioa hartuko da erreferentzia gisa.
Aurreikusitako laguntzen zenbatekoei dagokienez, gasolina edo gasolio teknologientzako 2.000 euroetatik hasi eta ibilgailu erabat elektrikoen 3.000 eurora artekoak izango dira. Uste da eraginkortasun oso handiko 2.000 ibilgailu inguru erosteko laguntza emango dela.
Laguntza teknikoa
Eskariak telematikoki egingo dira soilik, eta leihatila bakarrean, EEEren webgunearen bidez; interesdunek nahiz kontzesionarioek egin ditzakete eskariok, aurrez ibilgailuaren erosleak baimena emanez gero.