Ekonomia -
Itunpeko hezkuntza
Sindikatuak 'etsita', patronalarekin egindako bileraren ostean
Bestalde, Kristau Eskolak bere eskaintza hobetzea ezinezkoa dela azpimarratu du eta azkeneko eskaintza dela ohartarazi die sindikatuei.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Akordiorik gabe bukatu da gaur Donostian Kristau Eskolak, itunpeko ikastetxeetako gizarte ekimeneko patronalak, eta sindikatuek lan hitzarmenarenaren negoziazioa bideratzeko egindako bilera. Bi ordu eta erdiz batzartuta egon ondoren, "etsita" azaldu dira. Ohartarazi dutenez, "akordioa ez dago gertu", eta aldaketarik ezean, datorren astean ere greba egongo da. Kristau Eskolak ohar bidez jakinaraziko du bere jarrera (19:00etan egingo du publiko).
Martxoaren 12tik 15era izandako lanuzteen ondotik iritsi da bilera. Aurreikusitakoaren arabera, gainera, apirilaren 1etik 4ra eta maiatzaren 8an eta 9an ere greba egingo dute itunpeko hezkuntzan.
Bileraren ostean, Miren Zubizarreta ELAko bozeramaileak esan du "etsigarria" izan dela, eta patronalak egindako eskaintzekin akordioa gertu ez dagoela.
Gainerako sindikatuetako ordezkariak –Asier San Miguel (LAB), Sabin Arrizabalaga (Steilas), Julen Llanos (CCOO) eta Felix Vazquez (UGT)- alboan zituela, apirilaren lehendabiziko egunetan grebara joko dutela ziurtatu du, aste honetan Kristau Eskolak "jarrera nabarmen aldatzen ez badu behintzat".
Patronalak berean "endrokatuta" segitzen duela eta gaurko bilerara eraman duen proposamenean ezer berririk eskaini ez duela kritikatu du Zubizarretak.
Azaldu duenez, birkokatzeak eta soldata igoerak Eusko Jaurlaritzaren finantzazioarekin lotzen jarraitzen ditu Kristau Eskolak, eta hori da, hain justu, akordioa bat lortzeko oztoporik handiena.
Hortaz, "langileen eskariei erantzungo dien eta gatazkari amaiera emango dio akordio bat lortzeko denbora beharko dugu".
"Gaurkoan ez dugu inolako urratsik eman, martxoko lanuzteen aurretik egindako eskaintza bera ekarri dute gaur. Hainbat gairekin tematuta daude, esaterako, soldata igoera Eusko Jaurlaritzaren finantzazioari lotzen jarraitzen dute eta soldatak 2023ra arte ezarri nahi dituzte. Gai horretan oso urrun gaude", ohartarazi du.
Halaber, soldatak nahiz ikastetxeen itxieragatik lanpostua galtzen duten langileak nora joan behar diren negoziazio kolektiboaren baitan adostea exijitzen dute sindikatuek.
"Zaila izango da epe laburrean akordio batera heltzea eta lan-gatazka amaitzea; eduki batzuk negoziatzeko eta adosteko aukera badugu, baina patronalaren jarrera gai zehatz batzuetan itxia da", deitoratu du.
Batzar honetara "itxaropentsu" eta aurrerapausoren bat eman zitekeenaren ustearekin joan dira sindikatuak, "baina etsita atera gara", onartu du Zubizarretak.
Ez dute beste bilera baterako data ezarri.
Proposamena hobetzea, ezinezkoa
Bestalde, Kristau Eskolak esan du bere proposamena hobetzea ez dela bideragarria eta ohartarazi du azkeneko eskaintza dela.
Sindikatuei gaur aurkeztutako dokumentua publiko egin du patronalak, tartean daude Eusko Jaurlaritzak emandako laguntzei lotutako soldata igoerak.
Hala, 2017, 2018 eta 2019 urteetarako % 0,5eko igoera proposatzen du. 2020-2023 urteetarako, berriz, igoera Jaurlaritzarengandik jasotako diru-laguntzaren arabera egitea planteatzen du, betiere jasotakoa KPIa baino gehiago bada. Gutxiago jasoko balute, igoera KPIaren araberakoa izango litzateke.
Halaber, irakasleei 2017ko eta 2018ko oinarrizko soldatetan % 2ko konpentsazio plusa gehitzea proposatu dute, baita ordainsariak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakasleek jasotzen dutenarekin parekatzea ere.
Horrez gain, ikasle faltagatik itxi diren zentroetako irakasleen lanpostuak mantentzeko eta langile horiek beste ikastetxe batzuetara eramateko akordio bat negoziatzeko prest agertu da patronala.
Mikel Ormazabal Kristau Eskolako zuzendariak gogora ekarri du 2018ko apirilaren 18tik gaur arte 22 bilera egin dituztela Hezkuntza Sailarekin, 23 sindikatuekin eta bi gurasoen elkarteekin.
Azken hamarkada "bereziki zaila" izan dela esan du, soldatak murriztu direlako eta aurrekontua izoztuta dagoelako.
"Agertokia hori izanda, ez da bideragarria gaur aurkeztu dugun proposamena hobetzea eta hori da gure behin betiko eskaintza", adierazi du arratsaldean zabaldutako ohar batean.
Familiekiko konpromisoari aipu eginez, datorren asterako antolatu dituzten lanuzteak bertan behera utz ditzatela eskatu die sindikatuei, eta greba ekiditeko Kristau Eskola "ahal duen guztia" egiten ari dela ziurtatu die ikasleen gurasoei.