Ekonomia -

Gipuzkoa

Deskargako autobide berria, zabalik

Beasain eta Bergara arteko korridoreak 23 kilometro dauzka. A-636 izango da errepide berriaren izendapena. Datorren urtetik aurrera kamioiek ordainsaria ordaindu beharko dute.

Deskargako autobide berria. Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia
Deskargako autobide berria.
Zabalik dago Deskargako autobide berria

1:33

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Deskargako autobide berria (Beasain-Bergara eta Bergara-Beasain) eguerdian ireki dute; 25 hilabete eta 43 milioi euroko inbertsioa beharrezkoa izan da errepide berria gauzatzeko.

Antzuola eta Bergara lotzen dituen 5 kilometroko azken zatia bukatuta, amaitu da Beasain eta Bergara arteko korridorearen eraikuntza, bi herrien arteko bidaia 11 minutu eskasetara murriztuz. A-636 izango da errepide berriaren izendapena eta, guztira, 23 kilometro izango ditu.

Bestalde, Deskargako zatiarekin osatzen da baita ere Gipuzkoako Biribilgunea delakoa, edukiera handiko errepideen sarea. Azpiegitura horrek, guztira, 234,759 kilometro ditu eta, berari esker, lurraldeko herri guztiek izango dute autobidea 15 kilometro baino gutxiagora.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurreikuspenen arabera, 9.000 ibilgailu baino gehiago igaroko dira egunero azpiegitura berritik, eta nabarmen hobetuko dira bai lurralde barruko zein kanpoko loturak. Horrela, Deba, Urola Garaia eta Goierriko bailarak beraien artean gerturatuko ditu, eta Gipuzkoako inguruko lurraldeekin dituen konexioak arinagoak izango dira: Deba bailara Nafarroarekin lotuko da Deskargako autobidetik Etzegaraterantz eginez; Goierri eta Urola Garaia, bere aldetik, Bizkaiarekin lotuko dira Deskargatik AP-1 eta AP-8ra igaroz, eta Arabarekin Deskargatik AP-1era pasaz.

Doakoa izango da oraingoz, baina datorren urtetik aurrera kamioiek ordainsaria ordaindu beharko dute. Ikusteke dago autoei ere ordaintzea egokituko zaien ala ez.

Punta-puntako teknikak

Punta-puntako teknikak eta konponbide teknologikoak eskatu dituzte obrek. 11 inausketa, 9 ezponda eta 5 biaduktu egin dira, 63, 21 eta 51 metroko gehienezko garaierakoak, hurrenez hurren. Baita diametro handiko piloteak eta urak drainatu ahal izateko 16 meatze-putzu ere, 22 metroko sakonera dutenak, lur azpiko zazpi solairuko eraikin baten adinakoa.

Argiztapenak LED teknologia erabiliko du, eta etorkizunean teknologia adimentsua ezartzeko prestaturik egongo da errepidea, zuntz optikoari esker. Inausketei eusteko erabilitako altzairuzko kableen luzera 196 kilometrotakoa da.

Errepide berria denez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako departamendutik arretaz gidatzeko eskatzen zaie erabiltzaileei, batez ere sarrera eta irteeretan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Gipuzkoa EAE albisteak Ekonomia Eguneko albisteak Zumarraga Bergara albisteak Beasain albisteak Gaurko azken ordukoa A-8 Autobidea AP-68 autobideko istripuak gaur Urretxu azken ordukoa N-634 albisteak Goierri azken ordukoa Debagoiena eskualdea