Ekonomia -

Errenta aitorpena Gipuzkoan

Errenta autolikidazio proposamenak apirilaren 1etik aurrera ikusgai, Gipuzkoan

Onarpenak, berriz, apirilaren 8tik uztailaren 1era arte egin ahal izango dira.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren fatxada. Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia
Gipuzkoako Foru Aldundiaren fatxada
Gipuzkoako Foru Aldundiaren fatxada. Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia

Naiara Ballesteros | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

265 milioi euro itzultzea eta 256,5 milioi euro jasotzea espero du Gipuzkoako Ogasunak 2018ko errenta eta ondarea aitortzeko kanpainan. Hortaz, 8,5 milioi euroko kitapen negatiboa izango du Foru Aldundiak, aurreko kanpainan izandako 13,3 milioi euroko kitapen negatiboa hobetuz, besteak beste, ekonomiaren hazkundeari esker.

Jabier Larrañaga Ogasun eta Finantza diputatuak, Jokin Perona Ogasun zuzendariak eta Yolanda Dominguez Zergak Kudeatzeko zuzendariordeak aurkeztu dituzte uztailaren 1ean amaituko den 2018ko errenta kanpainaren nondik norakoak.

Guztira, Gipuzkoako Ogasunak 380.000 aitorpen bideratuko ditu; horietatik, 253.000 itzultzekoak izango dira, eta 127.000 jasotzekoak. Batez beste, 1.047 euro itzuliko dizkiote zergapeko bakoitzari; ordaindu behar dutenek, berriz, batez beste, 2.020 euro ordaindu beharko dituzte.

Zerga berrikuntzen harira, KPIren araberako soldata igoera izan dutenek zerga handiagoak ordaintzea saihesteko neurriak aurkeztu ditu Larrañagak.

Gazteen alokairuentzako, aitatasun eta amatasun bajen edo hazkunde potentzial handia duten erakundeak finantzatzeko kenkari berriak ere aurkeztu ditu.

Bestalde, ondarearen gaineko zergaren harira, Ogasunak 63,9 milioi euro jasoko ditu, Larrañagak jakitera eman duenez.

Epeak

2018ko errenta autolikidazio proposamenak 2019ko apirilaren 1etik aurrera ikusgai izango dira Gipuzkoan; onarpenak, berriz, apirilaren 8tik uztailaren 1era arte egin ahal izango dira, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun Sailak eitb.eus-i jakinarazi dionez.

Gainerako errenta modalitateetan (mekanizatua eta Internet bidezkoa) eta Ondarearen gaineko Zergaren epea apirilaren 15ean hasi eta uztailaren 1ean amaituko da.

Errenta aitorpen mekanizaturako hitzorduak apirilaren 12tik eta ekainaren 8ra bitartean eskatu ahal izango dira.

Bestalde, autolikidazio proposamena onartu nahi ez dutenek apirilaren 17ra arte itxaron beharko dute hitzordua eskatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Errenta Albisteak Gaur Eguneko albisteak Gastu publikoa Gipuzkoako Foru Aldundia