Ekonomia -

Errenta aitorpena Araban

Errenta eta Ondare aitorpenetarako kanpaina, martxan, Araban

Aurten hainbat arau aldaketa izango dira eta alokairuan bizi diren 30 urtetik beherako gazteentzat izango dira, batez ere, onuragarri, eta baita udalerri txikietako biztanleentzat ere.

Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko Jose Luis Cimiano diputatua. Argazkia: Arabako Aldundia
Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko Jose Luis Cimiano diputatua
Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko Jose Luis Cimiano diputatua. Argazkia: Arabako Aldundia

Naiara Ballesteros | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ostiral honetan hasi da Arabako errenta aitorpen kanpaina Rentafacil modalitatean, eta apirilaren 9an Rent@raba eran hasiko da, Gasteizko, Laudioko eta Guardiako bulegoetan, Arabako Foru Aldundiak eitb.eus-i jakinarazi dionez.

Aurten hainbat arau aldaketa izango dira eta alokairuan bizi diren 30 urtetik beherako gazteentzat izango dira, batez ere, onuragarri, eta baita udalerri txikietako biztanleentzat ere. Horrez gain, kanpaina honetan zerbitzu berriak izango dira, Ogasuna irisgarriagoa eta hurbilagoa izan dadin, eta, besteak beste, doako telefono bat izango da.

Kanpaina honetan, kenkari berriak izango dira, zehazki, gazte arabarrentzat: alokairuagatiko kenkaria % 30 arte handituko diete eta gehienezko kopurua urteko 2.400 euro artekoa izan ahalko da. Aldundiaren aurreikuspenen arabera, 1.800 arabarrentzat baino gehiagorentzat izango da onuragarri arau aldaketa, 400 euro gehiago desgrabatu ahal izango baitituzte.

Kanpaina honetan, gainera, kenkari handiagoa izango dute 4.000 biztanletik beherako Arabako udalerrietan bizi direnek. Seme-alabengatiko eta adineko aurrekoengatiko kenkariak % 15 handituko dira. (8.100 zergadunek baino gehiagok baliatu ahal izango dute onura fiskal hori).

Arabako landa eremuan ohiko etxebizitza erosteagatiko kenkariak ere % 20 arte handituko dira eta are % 25 arte ere familia ugarien eta 30 urtetik beherakoen kasuan. Azken aldaketa hori Arabako herri txikietako ia 5.000 herritarrentzat izango da onuragarri, Ogasunak egindako kalkuluen arabera.

Horiek dira gaur goizean Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko Jose Luis Cimiano diputatuak azaldutako aldaketetako batzuk. Diputatuak errenta aitorpenkanpaina aurkeztu du eta jakinarazi du foru erakundeak aurrez egindako 115.000 aitorpen baino gehiago bidaliko dituela etxeetara, Rentafacil modalitatea abian jarrizenetik inoizko kopururik handiena.

Horrez gain, Cimianok errenta kanpainaren inguruko aurreikuspen ekonomikoen berri ere eman du eta adierazi du ia arabarren % 65en aitorpena negatiboa izango dela, alegia, Aldundiak dirua itzuli beharko diela. Foru Ogasunak 987 euro itzuliko dizkio, batez beste, zergadun horietako bakoitzari.

Doako telefonoa eta kudeaketa interaktibo gehiago

Zergetan ez ezik, zerbitzuetan ere izango dira berrikuntzak, kudeaketak errazagoak, irisgarriagoak eta azkarragoak izan daitezen. Horrela, Foru Ogasunak doako telefono berria jarri du abian eta eguneko 24 ordutan eta asteko 7 egunetan izango da erabilgarri, Rentafacil proposamenak onartzeko edo horiek aldatzeko hitzordua eskatzeko (900 111 202) eta baita Ogasuneko bulegoetan aitorpena egiteko hitzordua eskatzeko ere (900 111 203).

Helburu hori bera lortzeko, sakelako telefono edo tableta bidez gauzatu ahal izango diren kudeaketa gehiago izango dira. Izan ere, aurtengo kanpainan,sakelakoetarako aplikazio baten bitartez ere eskatu ahal izango dira aurretiko hitzordua eta zerga datuak. Arabako zergadunek geroz eta gehiago eskatzen dutentresna dira aplikazioak. Iaz, esaterako, 7.379 pertsonak onartu zuten Rentafacil aitorpena sakelakoarekin bi klik eginez.

Ondarearen gaineko zerga

PFEZren kanpainarekin batera, Arabako Foru Ogasunak ondarearen gaineko zergaren kanpainari ere helduko dio, aurten apirilaren 5etik hasita. 2018koekitaldirako, aurreikusi du 1.540 arabarrek aitortu beharko dutela zerga hori 2 milioi euro baino gehiagoko ondasun eta eskubideak izatearren edo 800.000 euro baino gehiagoko ondare garbia daukatelako. Ogasunaren aurreikuspenen arabera, ondarearen zerga dela-eta 17,5 milioi euro eskuratuko dira, hots, 11.364 euro,batez beste, zergaduneko.

Epeak

Etxean jasotako proposamenarekin ados daudenak, proposamena onartu ahal izango dute finantza entitate laguntzaileetan; Internet bidez, araba.eus-en; edo, 900 111 202 telefonoaren bitartez. Rentafacil kanpaina ekainaren 14an bukatuko da.

Arabako Ogasuna apirilaren 9an hasiko da dirua itzultzen. Aitorpenen modifikazioak egiteko epea ere apirilaren 5etik ekainaren 14ra artekoa izango da. Ogasunari dirua itzuli behar dutenek, berriz, ohiko moduan egin beharko dute: errenta aitorpenean agertutako kopuruaren % 60 ekainaren 25ean, eta gainerakoa azaroaren 11n.

Rent@raba modalitaterako epea (hau da, beren errenta aitorpena ogasun bulegoetan edo finantza entitate, aholkulari bulego edo kudeatze agentzia laguntzaileetan egiten duten zergadunentzat) apirilaren 9an eta ekainaren 25ean bukatuko da Aldundiaren bulegoetara datozenentzat; finantza entitate edo agentzientzat, berriz, pixkat geroago hasiko da, apirilaren 23an.

Horiek Ogasunak Gasteizen duen egoitzara eta Laudion eta Guardian dituen bulegoetara zergadun guztiak etorri ahal izango dira, salbu eta ekonomia jardueretan dihardutenak, 2018an beren ohiko etxebizitza saldu dutenak eta ekitaldian zehar balore higigarrien edo higiezinen hiru salmenta eragiketa baino gehiago egin dituztenak.

Horrela egiteko, hitzordua eskatu beharko dute gaurtik aurrera, Interneten bidez, www.araba.eus helbidean; telefonoz (901 50 40 30); edo informazio puntuetan bertan: Gasteizen (Samaniego kalean), Kanpezun, Murgian, Oionen eta Agurainen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Errenta Laudioko argazkiak Prentsa digitalaren azken orduko Gasteiz berriak Guardiako bideoak Eguneko albisteak Gastu publikoa