Ekonomia -
Lan-gatazka ikastetxeetan
Itunpeko hezkuntzaren gatazkan 'muturreko jarrerak baztertzea' eskatu du Uriartek
Saila “beste alde batera begiratzen” ari ez dela azpimarratu du Hezkuntza sailburuak. Jaiotza-tasaren beherakadak kaltetuko lanpostuak mantentzeko, “laguntzeko” prest agertu da.
Agentziak | Erredakzioa
Itunpeko hezkuntzaren sektoreko gatazkan “bukletik” ateratzeko “muturreko jarrerak baztertzea” eskatu du Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak. Akordioa erdiestea patronalen eta sindikatuen “ ardura” da, erantsi duenez.
Era berean, Saila “beste alde batera begiratzen” ari ez dela azpimarratu du Hezkuntza sailburuak. Jaiotza-tasaren beherakadak kaltetuko lanpostuak mantentzeko, formula ezberdinen bidez “laguntzeko” prest agertu da.
Sailburuak prentsaurrekoa eman du Gasteizen, Olatz Garamendi Administrazio eta Zerbitzu Publiko sailburuordearekin batera. Uriarteren hitzetan, Saila itunpeko hezkuntzaren sektoreak bizi duen “lan gatazkaren ondorioekin kezkaturik” dago azken hilabeteetan. Gainera, apirilaren 1, 2, 3 eta 4erako eta maiatzaren 8 eta 9rako greba deitu dute sindikatuek.
“Milaka ikasleri eta familiari kalte” egiten ari zaiela nabarmendu du Uriartek. Sailburuaren ahotan, egoera “konplexua” da, ikasleek “kalitatezko hezkuntza jasotzeko” eskubidea dutelako, baita langileek greba egiteko eskubidea ere.ç
Horregatik, “guztiek erantzukizunarekin jokatu behar dugu, batez ere patronalek eta sindikatuek, lan gatazkako aldeak diren heinean”.
Ikasleei egiten ari zaien “kalte objektiboa” kontutan hartuta eta “muturreko jarrerak baztertuta irtenbide baten alde” lanean jarraitzeko eskatu die sailburuak “gatazkako alde guztiei”; izan ere, “bukletik ateratzea nahitaezkoa da”.
“Bakoitzak bere ikuspuntua defendatzea zilegi da”, baina “alde bakoitzak bere interesak malgutzea eta oinarrizko interesari lehentasuna ematea, zalantza barik, ikasleak aurretik jartzea”, aldarrikatu du Uriartek agerraldian.
Sailburuaren esanetan, “ez gaude arazo konponezin baten aurrean” eta “jarrerak ez daude elkarrengandik hain urrun”.
.