Ekonomia -

Lan-gatazka

ELAk 27 greba egun deitu ditu apirilerako eta maiatzerako Gipuzkoako zahar-egoitzetan

Apirilaren 1etik 12ra eta 26tik 30era eta maiatzaren 1etik 10era egingo dute greba. “Aldundiaren geldotasunak sortutako egora larria” salatu du ELAk.

ELAko ordezkarien bilera. Argazkia: ELA
ELAko ordezkarien bilera. Argazkia: ELA
ELAko ordezkarien bilera. Argazkia: ELA

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA sindikatuak 27 greba egun deitu ditu Gipuzkoako zahar-etxeetan, Aldundiaren “gezurren eta geldotasunaren” aurrean. Sektoreko 5.000 langileak apirilaren 1etik 12ra eta 26tik 30era eta maiatzaren 1etik 10era greba egitera deitu ditu sindikatu abertzaleak.

Gipuzkoako zahar-egoitzen ELAko ordezkariak bildu dira asteazken honetan, “Aldundiaren geldotasunak sortutako egoera larria eta gatazka desblokeatzeko eman beharreko pausoak” aztertzeko, sindikatuak jakitera eman duenez.

Hitzarmenaren negoziazioa duela bi urte hasi zela gogorarazi du ELAk, eta “egoera oso larria da egun Aldundiaren sabotajearen ondorioz”.

Zentzu horretan, “patronalen gehiengoarekin aurrekoakordio” batera heldu zirela errepikatu du sindikatu abertzaleak. Maite Peña Gizarte Politiketarako foru diputatuak “haren berri izan eta bultzatu zuen, eta ondoren saboteatu du”, ELAk salatu duenez.

ELA: "Egun egoera oso larria da Aldundiaren sabotajearen ondorioz"

Aurreakordioaren arabera, “sektore eta enpresa hitzarmenak aldi berean sinatu behar zituzten; 2017tik 2020ra indarrean, KPI gehi zortzi puntuko soldata igoerarekin lau urtetan; 42 euroko antzinatasun plusa 2021erako eta baita 45 eurokoa igande eta jaiegunetarako ere; gai propioetarako hiru egun eta sei urteko eszedentzia amentzat seme-alabak sei urte bete arte, eta bost urtekoa mendekotasuna duten pertsonak zaintzeko; seme-alaben 15 urtetara arte lanaldiaren murrizketa batekin; eta kontratu mugagabeak”, besteak beste.

Sektoreko beharginen “baldintzak hobetzeko akordioa finantzatzea eta gezurrak alde batera uztea”, eskatu dio ELAk Aldundiari, “behingoz bizitzari eta zaintzaileei lehentasuna emanez”. “Propaganda egiteari utzi eta sektoreko emakumeen lan-baldintzak hobetzeko ariketa praktikoa egiteko” eskatu dio. Horretarako, ELAren ahotan, “greba egunetan enpresak ehuneko ehunean finantzatzeari utzi behar dio”.

Bestalde, Adegi eta Matia patronalak “Aldundiaren gezurren eta faltsukerien konplize eta arduradunak” bihurtu direla salatu du ELAk. “Greba egunetan eskaintzen ez den zerbitzu batengatik diruaren zati proportzionala” eskatzeko esan die sindikatuak Gipuzkoako zahar-egoitzetako erabiltzaileen senideei. Azkenik, “greba egiteko eta mobilizazioetan parte hartzeko” eskatu die ELAk sektoreko langileei.

Aldundiak "erantzukizuna" eskatu du

Imanol Lasa Gipuzkoako Aldundiaren bozeramaileak “erantzukizuna” eskatu die aldeei, “lehenbailehen akordio batera iristeko”.

“Zahar-egoitzetan gure adinekoen zaintza da Aldundiaren ardura bakarra”, adierazi du Lasak prentsaurrekoan.

“Mahai inguruan eseri eta lehenbailehen akordioa adostea” eskatu die Aldundiko bozeramaileak patronalari eta sindikatuetako ordezkariei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa ELA Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Adinekoentzako egoitzak Sindikatuak Enpresaburuak Lan gatazkak gaur Gipuzkoako Foru Aldundia azken orduko albisteak