Ekonomia -
Europako Batzordea
1.490 milioi euroko isuna Googleri publizitatean nagusitasun-posizioaz baliatzeagatik
EBren monopolioen aurkako arauak hausteagatik jarri dio isuna Bruselak. Googlek esklusibotasun-klausulak erabili ditu 2006tik bere kontratuetan.
Agentziak | Erredakzioa
Europako Batzordeak 1.490 milioi euroko isuna jarri dio Googleri AdSense for Search zerbitzuaren bitartez eskainitako online publizitatean nagusitasun-posizioaz baliatzeagatik.
EBk monopolioen aurka dituen arauak hausteagatik Bruselak azken bi urteotan jarri dion hirugarren isuna da azken hori. Horren arabera, Googlek "klausula murriztaileak" ezarri zituen hirugarrenen webguneekin sinatutako kontratuetan, eta, ondorioz, lehiakideei beren iragarkiak jartzea galarazi zieten.
Margrethe Vestager Lehiakortasun komisario europarrak azaldu duenez, Googlek bere nagusitasun-posizioa baliatu du online bidezko iragarkietan eta "lehiakideen presiotik ihes egin du hirugarrenen webguneetan lehiakorrak ez diren murrizketak kontratuetan ezarriz".
Europako Batzordearen ikerketaren arabera, Googlek esklusibotasun-klausulak erabili ditu 2006tik bere kontratuetan.
Vestagerren esanetan, Googlek ezartzen zituen klausula murriztaile horien helburua lehiakideak urrun mantentzea zen, eta kontsumitzaileek prezio garestiagoak ordaindu behar izan zituzten klausula horien ondorioz.