Ekonomia -
Asteroko mobilizazioa
Prestazioak osatzea eskatuko diote pentsiodunek Eusko Jaurlaritzari martxoaren 28an
Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako Pentsiodunen Mugimenduetako ordezkariak Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketarako sailburuarekin bilduko dira Gasteizen.
Agentziak | Erredakzioa
Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako Pentsiodunen Mugimenduetako ordezkariak Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketarako sailburuarekin bilduko dira martxoaren 28an, Gasteizen. Gizarte Segurantzan dituen eskuduntzak erabiltzeko eskatu diote erretirodunek sailburuari, pentsioen osagarriaren bidez prestazioak osatzeko, Jon Fano Bizkaiko plataformako kideak azaldu duenez.
Astelehenero bezala elkarretaratzea egin dute Bilboko udaletxearen aurrean. Mobilizazioak 14 hilabete bete ditu dagoeneko.
“Hauteskunde garaian sailburuarekin argazki bat ateratzeko asmoarekin ez goaz, gure aldarrikapenak planteatzera eta konpromisoak eskatzera baizik; labur esanda, bere eskumenekin egin dezakeena azalduko diogu Eusko Jaurlaritzari, egoerari irtenbide bat bilatzen laguntzeko konpromisoa hartzea, alegia”, esan du bozeramaileak pentsiodunen aurrean, udaletxean. Aitaren Eguneko zubia tarteko manifestari gutxiago bildu dira astelehen honetan.
Fanok zehaztu duenez, “bilera duela hilabeteak eskatu zuten, eta eskuduntzen barruan Gasteizko Gobernuak pentsioen osagarriaren bidez prestazioak osa ditzakeela uste dugu, diru-sarrerak bermatzeko errentaren bitartez egiten den bezala, nahiz eta horrela egin behar ez dela ulertu, diru-laguntza horren baldintzengatik”.
“Gaitasuna eta dirua baditu, egiteko borondatea behar”, azpimarratu du Fanok. Azken egunetan “zoritxarrez, pentsioen sistema publikoaren aurkako enpresaburuen eta bankuen erasoak izan dira berri bakarrak gure aldarrikapenen inguruan; izan ere, gizarte segurantzaren kotizazioak murriztea eta erretiroa hartzeko adina atzeratzea eskatu dute”.
Datozen hauteskundeei begira, helburua “pentsioen gaia alderdi politikoen agendan sartzea da, baina beste lehentasun batzuk dituztela ikusten ari gara”, erantsi duenez.
Bestalde, Andrea Uña Bizkaiko kolektiboaren kideak jakinarazi duenez, Gizarte Laneko Kontseilu Nagusiak Euskadiko Pentsioen Mugimendua saritu du, “eskaeren esparruan eredu eta erreferentzia bat delako”. Saria martxoaren 29an jasoko dute, Donostian.
Donostiako pentsiodunen elkarretaratzea. EFE/Javier Etxezarreta