Ekonomia -

Lan-gatazka

Osakidetzak soldata osagarriak ordaindu beharko dizkie 7.000 langileri

Auzitegi Gorenak atzera bota du Osakidetzaren errekurtsoa eta, ondorioz, 2011n langileei kendutako osagarriak ordaindu beharko ditu orain. Guztira, 100 milioi euro baino gehiago dira.

Jon Darpon Osasun sailburua, Legebiltzarrean. Artxiboko argazkia: EFE
Jon Darpon Osasun sailburua, Legebiltzarrean.
Jon Darpon Osasun sailburua, Legebiltzarrean. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzak soldata osagarriak ordaindu beharko dizkie 7.000 langileri. Guztira, 100 milioi eurotik gora. ELA sindikatuak jakinarazi duenez, Espainiako Auzitegi Gorenak atzera bota du Osakidetzaren helegitea eta, ondorioz, berretsi egin du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak langileen alde eman zuen ebazpena.

ELAk ohar bidez azaldu duenez eta 2018ko maiatzeko epaiaren arabera, "Osakidetzak aldebakarrez erabaki zuen 2011n garapen profesionalari lotutako soldata osagarriak emateari, eta orain osagarri horiek, atzerapenak barne, ordaindu egin beharko ditu".

ELAk azpimarratu du sindikatu bakarra izan dela auzi honetan azkeneraino joan dena eta langileei zor zaien diru guztia itzultzeko exijitu du. "EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak esan du langileei dagokien osagarria dela eta, beraz, inoiz ez zitzaiela kendu behar", erantsi du.

"Osakidetzako langileen soldataz ari gara, soldata aldebakarreko erabakiz murriztu zuten eta horrek kolektiboaren erosteko ahalmena % 21 jaistea ekarri zuen", salatu du sindikatuak.

"Betiko aitzakia erabili zuten: Madrilek agindutako murrizketak zirela. Baina epaiek, beste behin ere, agerian utzi dute herri honetako agintariek Madrileko Gobernuak baino murrizketa zorrotzagoak ezartzeko borondatea duela", kritikatu du.

Horrez gain, Osakidetzak osagarri hori ordaindu behar ez izateko bi helegite aurkeztu zituela gogoratu du, bata EAEko Justizia Auzitegi Nagusian eta beste Auzitegi Gorenean.

"Orain, Auzitegi Gorenak ELAren argudioak bere egin ditu, Osakidetzaren helegitea baztertuz eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpena berretsiz", nabarmendu du sindikatuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza ELA Auzitegi Gorena Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak Lan gatazkak albisteak gaur Soldatak albisteak gaur Sendagileen albisteak Erizainak azken ordukoa