Ekonomia -

Gipuzkoa

Ardura nagusi, Hondarribiko Aireportuaren egoera dela eta

Baliteke Air Nostrum konpainiak astean sei hegaldi bertan behera uztea. Ortzibia elkarteak bilera eskatu dio Iberiari. Marisol Garmendia diputatuak uste du Jaurlaritzak ez duela behar beste egin.

Hondarribiko Aireportua. Argazkia: Jose Maria Vega
Hondarribiko Aireportua
Hondarribiko Aireportua. Argazkia: Jose Maria Vega

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hondarribiko aireportuan Air Nostrum konpainiak astean sei hegaldi bertan behera utz ditzakeela eta, Ortzibia elkartea kezkatuta dago eta, ondorioz, Iberiari premiazko bilera bat egiteko eskatu diola jakinarazi du.

Ortzibia Hondarribiko Aireportuko erakunde sustatzailearen administrazio kontseilua gaur goizean bildu da gaia aztertzeko. Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Donostia, Irun eta Hondarribiko udalek zein Gipuzkoako Ganbarak ordezkaritza dute Ortzibiako administrazio kontseiluan.   

Aireportu horren aldeko apustua berretsi dute, bidaiarien kopurua 2018an % 2,7 hazi zela gogoratuz. Halaber, ibilbide berriak eskaintzeko lanean jarraituko dutela nabarmendu dute.

Horrez gain, elkarte horretan ordezkaritza duten erakunde guztiak Hondarribiko aireportuaren balioan sinesten dutela eta, ondorioz, aireportuaren etorkizuna bermatuko duten ibilbide berriak bilatzen segituko dutela erantsi dute.   

Garmendiak Eusko Jaurlaritzaren jokabidea kritikatu du

Marisol Garmendia Gipuzkoako Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa diputatuaren esanetan, EAEko beste aireportuetan gertatzen ez den bezala, Hondarribikoa "ez da Eusko Jaurlaritzaren lehentasunen artean izan".

"Eusko Jaurlaritzak beste aireportuei emandako babesa ez dio Hondarribikoari eman", esan du diputatu sozialistak.

Garmendiaren ustez, pistaren inguruan dauden hainbat "zalantza" argitu ostean, hegaldiak berreskuratzeko eta enpresa berriak erakartzeko mahai gainean dauden aukerak aztertu beharko dira.

Bestalde, Hondarribian hegazkinen lurreratzea erraztuko duen teknologia berria ezartzeko lanak bukatzearen zain daudela azaldu du Garmendiak.

Eneko Goia Donostiako alkatea ere "kezkatua" agertu da. Goiaren hitzetan, Hondarribiko Aireportuak "bere muga fisiko gaindiezinak" ditu, baina "ahalik eta gehien" aprobetxatu behar dela esan du.

Ildo horretan, azken urteotan aireportuaren azpiegiturak hobetzeko hainbat lan egin dituztela azpimarratu du Donostiako alkateak; esaterako, lurreratze eta aireratze-pista moztu ostean zorua hobetu da, baita Aireportuko instalazioak berritu ere.

"Pozik egongo litzateke EAEko erakundeek zuzenean Aireportua kudeatuko balute, baina ez da horrela", deitoratu du Goiak.

Bidaiari kopurua

Bidaiariek, berriz, % 4,9 behera egin dute otsailean, 20.117 bidaiariraino, Aenaren datuen arabera. Emaitza txarrak dira, urtarrilean ere beherakada izan zuelako: % 5 jaitsi ziren bidaiariak.

Otsailean, ordea, hegaldi gehiago izan ziren, % 19,8 gehiago, hain zuzen; 539 hegaldi izan ziren, urtarrileko 407ekin alderatuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Turismoa Euskadi Eusko Jaurlaritza Hondarribia Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hondarribiko aireportua