Ekonomia -
KPI-AREN DATUAK
Urte arteko inflazioa % 1,3koa eta % 1,6koa izan da EAEn eta Nafarroan otsailean
Azken hilabetean, berriz, prezioak % 0,4 eta % 0,3 hazi dira EAEn eta Nafarroan, hurrenez hurren. Batez ere, erregaien garestitzeak eragin du prezioen igoera.
Agentziak | Erredakzioa
Kontsumorako Prezioen Indizearen (KPI) urte arteko tasa % 1,3 eta % 1,6 hazi da otsailean Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroan, hurrenez hurren, Espainiako Estatistika Institutuak gaur emandako datuen arabera.
Azken hilabetean, baina, prezioak % 0,4 eta % 0,3 hazi dira EAEn eta Nafarroan, hurrenez hurren.
Euskadin, elikagaiak eta alkoholik gabeko edariak (% 1,5), alkoholdun edariak eta tabakoa (% 1,4), arropa eta zapata (% 0,9), garraioa (% 3,4), komunikazioak (% 1,6) eta hotel, taberna eta jatetxeak (% 1,8) alorrek eragin dute prezioen igoera. Nafarroan, berriz, etxebizitzaren prezioak igo dira gehien (% 3,2), eta aisiarenak eta kulturarenak behera egin dute (-% 0,4). Aisialdian eta kulturan % 1,5eko beherakada izan da.
Lurraldez lurraldeko datuei erreparatuta, Bizkaian urte arteko inflazioa % 1,2 hazi da otsailean, eta % 1,5, Gipuzkoan. Araban, berriz, gutxiago hazi da; % 1,2, hain zuzen ere.
Espainiako Estatuan, urte arteko tasa % 1,1 hazi da, urtarrilean izandakoa baino hamarren bat gehiago. Bestalde, prezioek gora egin dute erkidego guztietan, batez ere, erregaien prezioak garestitu egin direlako.