Ekonomia -

Saria

Euskadi lurralde erakargarria da atzerriko inbertsioarentzat, Financial Timesen ustez

Oraingo honetan SPRI Taldeak eta Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Invest in the Basque Country estrategiaren lau alderdi saritu dira.

Alex Arriolak saria jaso du Cannesen. Argazkia: Eusko Jaurlaritza
Alex Arriolak saria jaso du Cannesen
Alex Arriolak saria jaso du Cannesen. Argazkia: Eusko Jaurlaritza

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

SPRI Taldeko zuzendari nagusi Alex Arriolak astearte honetan jaso du Cannesen Financial Times taldeko Fdi Intelligence aldizkariaren aitortza; horren arabera, Euskadi lurralde erakargarria da atzerriko inbertsioarentzat, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez.

Oraingo honetan SPRI Taldeak eta Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Invest in the Basque Country estrategiaren lau alderdi saritu dira, zehazki, hauek: instalatuta dauden enpresentzako laguntza, startup-entzako Bind 4.0 startupen azelerazio programa publiko-pribatua, pizgarri-sistemak eta atzerriko inbertsioa erakartzeko proiektu bat, Viralgen enpresa estatubatuarrarena, hain zuzen.

Argitalpen espezializatu eta ezagun horrek hirugarrenez jarraian aitortu du Invest estrategiak Euskadin egiten duen lana. Iaz esan zuen Euskadi Europa hegoaldeko 10 eskualde erakargarrienetako bat zela atzerriko inbertsioarentzat, eta aitortza egin zion orobat atzerriko inbertsioa erakartzeko Invest in the Basque Country estrategiari, Europako eskualde ertainetako 10 estrategia onenen artean sailkatu baitzuen.

Duela bi urte, Financial Timesek nabarmendu zuen Euskadi Europako seigarren eskualde onena zela atzerriko inbertsioarentzat, eta baita ere azpimarratu zuen Euskadi dela eskualde ertainen artetik logistika onena eskaintzen duena.

Horrela, fDi Magazine aldizkariak, merkatuetako posizionamenduan eta nazioarteko inbertsio fluxuetan espezializatua dagoenak, Euskadi saritu du munduko beste 112 lokalizazioren artetik. Esan bezala, Strategy Awards sariketako txostenak Euskadi nabarmendu du bertan ezarrita dauden eta atzerriko kapitala duten enpresei laguntzeko abiatu duen estrategiagatik (Aftercare), ETE eta startupei zuzendutako estrategiagatik (bereziki azpimarratuz Bind 4.0 programa), ezarpenak egiteko eskaintzen dituen pizgarriengatik eta lortu dituen interes handiko proiektuengatik (esaterako, kapital estatubatuarra duen Viralgen enpresa, terapia genikoaren ekoizpenerako Europako zentro handiena).

Gaur egun atzerriko kapitala duten 10 langile baino gehiagoko 1.000tik gora enpresa daude Euskadin, zientzuek enpresa guztien %10 ordezkatzen baitute eta 52.000 langileri ematen baitiete lana. Atzerriko inbertsiodun enpresen ia %46 industria sektorekoak dira eta batez bestekoa baino tamaina handiagoa izaten dute oro har. Enpresa horiek BPGaren %13tik gorako ekarpena egin zuten 2015ean, eta enpleguaren %9,9 sortu zuten 2008-2015 bitartean.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Enpresaburuak