Ekonomia -

Sestaoko ontziola

La Navaleko langileek kaleratze autoa jaso dute

Autoak otsailaren 28ko data du. Enpresa batzordeak bilera eta manifestazio batera deitu ditu beharginak astearte honetarako. Irailetik dago ontziola likidazio fasean.

Ontziola, EFEren artxiboko argazki batean.
Sestaoko La Naval.
Ontziola, EFEren artxiboko argazki batean.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sestaoko (Bizkaia) La Navaleko enpresa batzordeak langile guztiei eragiten dien kaleratze autoa jaso du gaur, batzordeko kideek EiTBri jakinarazi diotenez. Ontziola likidazio fasean dago 2018ko irailetik.

Autoak otsailaren 28ko data du, eta ontziolako 173 beharginei eragiten die.

Jakinarazpen horren aurrean, langileak batzar batera deitu ditu astearte honetarako enpresa batzordeak (09:00etan). Ondoren, 11:30ean, manifestazioa egingo dute Bilbon (Moyua plazatik SPRIk Bizkaiko hiriburuan duen egoitzara).

Bilboko Merkataritza-arloko 2. Epaitegiak kaleratzeen autoa igorri die langile guztiei. “Ekonomia eta ekoizpen arrazoiek ontziolako kontratuak deuseztatzea justifikatzen dute”, ziurtatu du epaileak; izan ere, 208 milioi euroko galerak pilatu ditu 2013tik.

Konkurtsoko Administrazioak bildutako datuek ekonomia eta ekoizpen arrazoiak agerian utzi dituztela azaldu du kaleratze autoak, eta Lan-agintaritzak berretsi du.

Konkretuki, Lan-agintaritzaren hitzetan, “enpresak argudiatutako ekonomia eta ekoizpen arrazoiak egiaztatu dira, eta 174 beharginen kaleratze kolektiboaren neurria zuzenbidezkoa da”.

Galerak

Era berean, Lan-agintaritzak Lan Ikuskaritzarekin bat egin du itxieraren zergatietan: “2016an eta 2017an pilatutako diru galerek utzitako egoerak egun jarraitzen du, Navalen porrot ekonomikoari buelta ematea ezinezkoa delarik; langileei ezin ordaindu, enpresa berriz kapitalizatzeko inbertitzaile falta eta jarduera gelditzea, Van Oord Ship Management BV Herbehereetako armadoreak NB347 ontzia eraikitzen jarraitzeari uko egin ondoren”.

Gainera, enpresak aldez aurretik lan-erregulazioko lau espediente aurkeztu zituela gogorarazi du epaileak autoan, baldintza Herbehereetako armadoreak NB347 ontzia eraikitzen jarraitzea zelarik, baina “inbertitzaile berri bat agertu bitartean aukera hori baztertu du”.

2013an 142.284 euro, 12,1 milioi (2014), 15,7 milioi (2015), 79,5 milioi (2016), 37,9 milioi (2017) eta 63,4 milioiko (2018 behin-behineko datuak) galerak frogatutzat jo ditu ebazpenak.

Bilera Industria Ministerioan

Bestalde, Navaleko enpresa-batzordea Reyes Maroto Industria ministroarekin bilduko da martxoaren 15ean, Madrilen. Enpresa-batzordeko iturriek azaldu dutenez, ministroarekin biltzeko baieztapena jaso dute langileen ordezkariek. Batzarra 16:00etan izango da, Industria Ministerioan.

ELA sindikatuaren ahotan, Eusko Jaurlaritza kaleratzeen “arduraduna” da, espedientea onetsi eta ontziolan inbertitu ez duelako.

Azkenik, Navaleko kaleratzeen aurrean “eskuak garbitzea” leporatu dio EH Bilduk Jaurlaritzari, ontziolako “beharginak abandonatu dituelako”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Sestao Bizkaia Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak La Naval